Aitor eta Imanol Galarraga txapeldun zesta puntan

Txintxarri 2007ko apirilaren 20a

Galarraga anaiak alebin mailako txapeldun berriak dira zesta puntako eskolarteko txapelketan.
Hamabi urte betetzear diren bi gaztetxoek Zumaiako bikotea gainditu zuten Tolosako Beotibar frontoian jokatutako finalean (25-14). Finalera iristeko, Landaberri ikastolako bikoteak lehenengo fasean beste sei talderen aurka neurtu behar izan zituen indarrak. Lehen fase horretan, hamabi partida jokatu eta bakar bat galdu zuten gainontzeko hamaika norgehiagokak irabazi zituztelarik. Lehen postuan sailkatu eta gero, final erdietan Donostiako taldea kanporatu zuten (25-18).