Ana Urchuegia, Ibon Rosales Udaleko arkitektua, Idoia de Andres aparejadorea eta UTE Campezo-Guipasako (zaharberritzeaz arduratu den enpresa) nahiz Bigarako (ekipamenduaz arduratu den enpresa) ordezkariak elkartu zituen agerraldian aditzera eman zutenez, Udalak bost milioi eurotik gora inbertitu du Villa Mirentxu zaharberritzen. Zehazki, eraikina eta lurra 3,5 milioi kostatu da. Eraikinak aurrerantzean izango duen funtziorako egokitzeko lanak 1,5 milioi kostatu zaio Udalari. Azkenik, ekipamenduetan 140.000 euro inbertitu dute.
Maiatzaren 15etik aurrera
Udalaren Bulego Teknikoaren ardurapean egindako lanak hamalau hilabetez luzatu dira eta maiatzaren 15ean Ongizate eta Enplegu Departamenduko langileak bertan lanean izatea espero dute udal ordezkariek.
Eraikina lau solairutan dago banatua eta solairu bakoitzak 230 metro karratuko azalera du. Sotoan, erakusketa areto bat, artxiboa eta areto-nagusia daude. Bertatik, laranja-ondoen patiora irten daiteke.
Behe-solairuan kale hezitzaileen gela eta egongela daude. Lehen solairuan, Zerbitzu Sozialen Departamenduko lehendakariaren eta langileen bulegoekin batera, zuzendaritza eta enplegu dinamizatzailearen bulegoa daude. Baita, komisioen bileretarako gela.
Azkenik, teilatupeko solairuan erabilera anitzetarako gela eta kafe-makina jarri dituzte.
Eraikina bera nahiz sarbide guztiak eta inguruko lorategi eta trinketerako sarbidea ezgaitu fisikoentzat egokiturik dago igogailu nahiz maldekin.
Bestalde, 1923an Urretatarrena zen Villa Mirentxun eraikitako frontoia oinarri harturik, trinketea eraiki dute. Hain zuzen ere, joan den larunbatean inauguratu zuten eta herritar ugari hurbildu zen ikusmiran.