Martina Irazusta Astigarraga Larraulen jaio zen 1907ko maiatzaren 7an. Ehun urte bete ditu gaur, hortaz. Asteasuko Urtzuria baserriko Joxe Migelekin ezkondua eta bederatzi seme-alaben ama, 1971ean alargundu zen. Orduan erabaki zuen baserria utzi eta kalera etortzea, Lasarte-Orian ziren seme-alabengana, hain zuzen ere. Urte guzti hauetan herria izugarri aldatu dela dio eta zerikusi gutxi duela bera etorri zeneko harekin.
Joan den urtea arte kalera egunero ateratzen zela kontatu digu baina erori txar izan eta etxeko babesa bilatu du geroztik.
Mugikortasun eta entzumen arazoak dituen arren, burua argi mantentzen du Martinak eta gaztetako kontuak ekarri dizkigu gogora. Alabek kontatu digutenez, Martinak hamaika urte zituela zendu zitzaion aita. Gaixotasunak jota, aita zaintzea Martinaren ardura zen eta "Asteasura jaisten nintzen mediku bila. Hura zaldiz igotzen zen Larraula baina hura iristerako zain nengoen baserriko atarian. Orduan bai hanka bizkorrak!" kontatu digu barre artean.
Zorionak eta bejondeizula, Martina.