Erraustegiaren auzian alderdia gehienek hartu duten “jarrera maltzurra” salatzeko eta Foru Aldundiaren aurrean jarritako azkeneko helegitearen erantzuna jakin arazteko, Zubietako Herri-Batzarrak prentsaurrekoa egin du gaur goizean. Bertan, “Zubietako Herri Batzarrak hasieratik esan zion ezetz errausteari, baina aldi berean, bere lurraldea eskaini zuen hiri hondakinenak modu biologiko eta jasangarriago batez jasotzeko. Hau gutxi balitz, beste herri mugimenduekin batera, hondakinak kudeatzeko Plan Gidatzailearen sorreran parte hartu genuen, herritarren eta instituzioen aurrean azalduz” gogoratu dute.
Ildo beretik, “tamalez, instituzio guztiek bizkarra eman ziguten, Jaurlaritzak, Foru Aldundiak, Donostiako eta Usurbilgo Udalek nahiz San Markoseko Mankomunitateak. Instituzio guzti horien helburua errauskailua saltzea izan da eta zaborra modu iraunkorrean kudeatzea ahaztu dute azpiegitura erraldoiak bultzatuz. Gezurretan aritu dira lotsagabe” jarraitu dute.
Ehun herritarretik gora eta lau talde ekologista direla errekurtsogile kontutan izanik, Aldundiak emandako erantzuna “eskandalagarria da, inolako lotsarik gabe, hots, legitimaziorik ez dugula erantzun baitigute”. Amaitze aldera, erabaki “ez-morala” kritikatzearekin batera, maiatzaren 27an, hauteskunde egunean hain zuzen ere, herri kontsulta” egingo dutela erraustegiari buruz galdetuaz iragarri dute.