Frantziako Tourra Pirineoetan izango da eta lasarteoriarrak ere bai

itziar-carrasco 2007ko uztailaren 23a

Aste honetan Frantziako Tourra Pirineoetatik pasako da Parisera bidean. Eta bertan ez dira faltako ikurrinak, kamiseta laranjak, zahatoak, patata tortilak... Euskal Herriko zaletuak erromesaldian joaten dira, eta edonon topatuko dituzue: bide ertzean “txiringito” osoarekin, igotzen diren guztiei animatzen, itzaletan periodikoa irakurtzen, garagardo edo sagardo freskoa edaten, jaten eta edaten, edaten eta jaten... Lasarte-Oriatik jende askok joateko ohitura du. Aldatzekua tabernako Aitor Irazustarekin hitz egin dugu, gaur bertan herriko bederatzi lagunekin batera Pirineoetako bidea hartuko baitu Tourra gertutik jarraitzeko.

Argazkian agertzen diren gehienek, aurten ere prestatu dute Pirineoetarako irteera, aurtengo helburua Marie Blanquera iristea. “Aurten bi egunetarako goaz. Gaur jendea lanetik ateratzen denean, abiatuko gara, iritsi, karpak jarri eta afaldu. Hori da lehen eguneko plana eta asteazken gauean buelta egingo dugu”, kontatzen digu Aitorrek. Aurreko urteetan hiru egunetarako joan izan dira Pirineoetara: “egia esan, 2 edo 3 egun nahiko dira taldean joateko, 4.egunean tirabirak sortu daitezkeelako. Horrela denok kontentu bueltatzen gara etxera”, dio parrez.
Leku egokiena aurkitzea ez da erraza, iristerako leku onenak hartuta egoten dira, itzalik ez da geratzen, automobilak ezin dira sartu barruraino... Baina, kuadrila honek orain arte zortea izan du: “Orain arte aittonak joan dira aurretik (Jose Mari Jauregi, Jose Zapirain, Burugorri eta Larruskain). Hauek Pirineoak eta Alpeak egiten zituzten Tourra ikusteko. Pirineoetan beraiek hartzen ziguten lekua eta normalean lehen gaua elkarrekin igarotzen genuen. Aurten, Burugorri eta Jose Mari aurretik joango dira lekua hartzeko”, azaltzen digu Aitorrek, “txirrindularitza asko gustatu behar zaizu, Pirineoak eta Alpeetan zehar jarraitzeko, oso polita da baina neketsua, aldi berean”.
Silary Soulanen egon zirenean, antolakuntzakoek komunak gertu jarri zizkieten eta hauek toilete kartela kendu eta eurek erabili zuten, dutxa eta guzti izan zutela kontatu digu Aitorrek.

Beharrezko gauzak maletategira
Ez da lehen aldia joaten direla Tourra jarraitzera, La Mongie, Silary Soulan eta Biellan egonak dira. Esperientzia dutela nabari zaie, daukaten muntaia ikustea besterik ez dago konturatzeko: bi karpa, burruntzi tresnak, parrila, paella-ontzia, koltxonetak, telebista, generadorea eta inoiz faltako ez diren gauzak (jatekoak, sagardoa, ardoa, garagardoa, garagardoa, garagardoa...).
“Aurten etapa Aubisquen amaitzen da eta gu aurreko mendatean geratzen garenez, etapa bukaera telebistaz ikusiko dugu”, Aitorrek dioen bitartean, atzetik Jesusen galdera entzun dugu: “baina, aurten eramango dugun telebistak funtzionatuko al du?” “Bai, bai, aurten ziurtatu didate baietz”, erantzuten dio Aitorrek. Dirudienez, aurreko bi urteetan telebista eraman eta ezin izan dute etapa amaitzen ikusi, “hala ere, oso dotore gelditzen zen karpan”, parra egiten dute biek.

Etapa pasa arte badago zer egiterik
Kontatu digutenez, normalean, ESAITekoek jai bat antolatzen dute eta giro polita sortzen da. Goizaldean, mendian bueltatxo bat eman daiteke, “nahi duenak edo ahal duenak, aurreko gauean berandu arte egoten gara eta”, azpimarratzen du Aitorrek. Gainera, ondo pasatzeko prest dagoen jende asko biltzen da leku berean, festa ez da falta. “Lehen urtean, La Mongien 200.000 pertsona ginela esan ziguten antolakuntzakoek, baina goitikan ikusten duzu eta ez dirudi”.
Goiza, bakoitzak nahi edo ahal duen moduan pasa ondoren, denek desiratzen duten momentua iristen da: bazkaria. Eta lasarteoritar hauek ondo zaintzen dira: oilaskoa saltsan, burruntzia, entsalada, otarrainxkak, sardinak, paella, saiheskiak... Ondoren, etapa ikusteko leku on bat hartzera joan behar da. Behin, haraino joan eta etapa ikusi gabe geratu zela aitortu digu Aitorrek: “Gaupasa eginda nengoen eta etapa pasatzeko oraindik ordu eta erdi falta zela euria hasi zuen, furgonetan sartu eta lo seko geratu nintzen; begi bat irekitzerako, etapa amaituta zegoen”.
Pirineoetakoa bukatuta, hurrengo urteko irteeran pentsatzen bueltatzen dira etxera.•