Azpeitia, Tolosa, Deba, Eibar... herri horietan zezen-zaletasun handia izan da. Lasarte-Orian bazen zaletasun bera zuen taldetxo bat. Palomo Linares elkartea osatu zuten, duela 40 urte. Lau hamarkada hauetan gauzak aldatu dira, bazkideen artean ez dago garai hartako zezen-zaletasunik. Baina zaharberritu beharra dago, mototsik moztu gabe; eta beste 40 urte eta gehiago betetzeko prest dira, horixe esan digu Julian Santosek, elkarteko lehendakariordeak.
1967ko maiatzaren 20ean sortu zen Palomo Linares elkartea. “Gure Etxea tabernan bildu eta gero afaltzera joan ginen” dio Julian Santosek elkarteko lehendakariordeak. Zezenketa zaletasun handia zuten eta Lasarte-Oriako taldetxo batek elkartea osatzera animatu zen. Izena berriz, Palomo Linares, “lehendakariari asko gustatzen baitzitzaion”, eta toreroaren baimena jasota ba... aurrera. “Baina gizon hori ez da oso ondo portatu elkartearekin” dio Julianek. 1999 urtean etorri zen “eta asko kostata”, izan ere behin eta berriro gutunak bidali zizkioten, eta Donostiako Aste Nagusian txuliatu behar zuela eta, ia lepotik hartuta ekarri behar izan zuten. “Bazkaria egin genuen eta plaka eman”, baina urteotan berak ez die eman ez kapoterik, ez estokerik ez ezer. Beno, duela urte pila 15.000 pezetako txekea eman zien; "gogaituta edo, ze Tuteran zezenketa zuen eta han azaldu ginen”.
Emakumeak ere bazkide
Hasierako urteetan 140-150 kide baziren Palomo Linares elkartean, baina 1972. urtean egungo egoitza berria erosteko zirela, 6.000 pezeta eskatu zitzaion bazkide bakoitzari eta askok elkartea utzi zuten, “garai hartan hori diru askotxo baitzen”. Gaur egun 90 bazkide dira, eta kopurua itsita dute. Baina “urteotan gazteak sartu dira” eta somatu da, estatutuak aldatuta hemendik aurrera emakumeak ere bazkide egin ahal izango baitira. “Hori bai, baten batek utzi beharko du, edota kasurik okerrenean hil”. Elkartean sartzeko eskaria badago, eta baita alternatiba hartzeko prest dagoen jendea ere.
Ez dira ez bazkide guztiak zezenzale petoak, bestelako sasoia da egungoa. Donostiako Txofre plaza bota zuten eta zezenketaren zaletasuna asko galdu zen, “jende helduaren kontua da hori, badakizu”. Badira dena den, hamar bat bazkide Illunberako abonua dutenak, Donostiako Aste Nagusiko zezenketetara joaten dira, baita Tolosara San Juanetan eta Azpeitira San Inaziotan; besteak ez itzalpekoak ezta eguzkipekoak ere, “gu lasaitasunekoak gara!”.
Maiatzak 20, urteurrena
Urtean zehar bazkideen bilgune da elkartea, eta bazkariak egiten dituzte beste txokoetan bezala. Horretaz gain, zezenketaren gaineko tertuliak ere badira eta oporretatik bueltan urteroko tute eta mus txapelketak antolatuko dituzte.
Aurtengo maiatzaren 20an, sortu eta 40 urtera hain justu, bildu ziren bazkaltzera eta urteurrena ospatzera. Mezaren ostean,”bazkari dotorea egin genuen” baina ez zuten zezen isatsik jan. Gipuzkoako beste zenbait zezen-elkarte bertan izan ziren urteurrena ospatzen.
Julian Santos Palomo Linareseko lehendakariordea izateaz gain elkarteko lehenengo bazkidea ere bada. 40 urte hauetan lehendakaria, idazkaria, diruzaina... eta bazkide izan da. Zezen-zaletasunaz gain, elkartea ere aldatu da 40 urte hauetan.”Pentsa, hasierako urteetan arkatza eta borragomarekin ibiltzen ginen gu” eta orain ordenagailu pantaila ikus daiteke zezenketak iragartzen dituzten irudi, zein banderillen artean. “Hasierako urteetatik hona elkartea aldatu da, baina beste 40 urte betetzeko sasoia” duela dio.•