Suediako Brijita Deuna, Santiagorako erromesaldian Lasartetik pasa ote zen?

jesus-mari-eguizabal 2007ko uztailaren 23a

Gaurko Brijita Deunaren egunaren harira, artikuluan Jesus Mari Eguizabalek, gure herrian debozio handia duen santu honen erromes izaera azpimarratu eta bere bizitzaren bidaia luzea ezagutarazten digu. Nork daki zer gertatu ote zen, akaso bere bidean, Brijita Deunak gure herria ezagutu zuen.

Gaur Brijita Deunaren eguna ospatzen dugu, hori dela eta Brijita Deunaren erromes bokazioa azpimarratu nahiko genuke, zehazki Konpostelako Donejakuera 1341ean egindako erromesaldia.
Gure deunak egindako ibilbide zehatza jaso duen dokumenturik ez dago, bai ordea, Alemanian eta Frantzian zehar egindako zenbait tarteri dagokiona. Badirudi baita ere, Espainiako zenbait erromes-gune bisitatu zuela. Gauzak horrela, gure herrian egon izana posibilitate gisa onar daiteke; ze Europatik zetozen erromesen ibilbidean zegoen.
Lasarte Erdi Aroko herri gisa sortu zen, Done Jakue bidearen zenbait ibilbideren elkargunean. Ibilbideetako bat Frantziatik zetorren, Irun, Astigarraga eta Hernani igaro ondoren "Sasoeta"tik behera egiten zuen; bestea berriz, Nafarroatik zetorren Urnietatik barna. Lasartetik igarota, Andatzara zihoan bidea San Adriango pasabidera, edota Usurbilerantz kostaldeko bidera.
Badirudi San Pedro elizaren ondoan dagoen Santa Ana Karkaban ermita bat zegoela, baita ospitale bat ere, Santiago Etxea zena izan zitekeena.
Lasarte seguru asko, Santiagora erromes eta Gaztelara zein Bizkaira zihoazen merkatari askoren igarobide izan zen. Idatzitako lehenengo erreferentzia 1387koa da, bertan burdinola bat aipatzen da, Lasarte familiaren dorretxearena izan zitekeena.
Honela, Okendotarren bidez, Brijitarren Komentura iritsiko ginateke, monasterio eta santutegira; Suediako Brijita Deunak sortutako Salbatzaile Txit Santuaren Ordena Brijitarraren mojen egoitzara.

Brijita erromesa
XIV. mendean noble askok erromesaldiak egiten zituzten kristautasunaren santutegi ospetsuetara. Brijitak Jainkoaren Hitza eta Eskritura Santuak ikasteari ekin zion. 1341ean Suediako gortea utzita, senarrarekin Konpostelako Donejakuerako erromesaldia hasi zuen. Hiru urteko bidaia izan zen. Erromesaldiak eragindako zirrara handia izan zen eta Suediara itzuli zirenean senarra eta bera erlijio ordena ezberdinetan sartzea erabaki zuten. Gutxira senarra hil eta 40 urterekin alargundu zen Brijita. Orduan bizi berri bat hasi zuen, orduan bere barnera bildu eta otoitz bizia, penitentzia zorrotza eta Elizaren ikasketa sakonari ekin zion.
1349an bere konfesoreen laguntzarekin, Salbatzaile Txit Santuaren Ordenaren antzinako Erregela idatzi zuen, bizitza espiritual, aszetiko, komunitario eta kontenplaziozkoan oinarritua. Ondotik bere gogo handienak bi ziren: Elizarekiko maitasun handia eta Elizaren berritzea batetik; eta bestetik, bere monasterioa eraikitzea eta Ordenaren Erregela berria idaztea eta onartzea.
Erromara joan zen eta Katalina alaba laster batu zitzaion. Erroman Elizaren batasunaren alde egin zuten eta Urbano V.a aita santuak hartu zituen.
Lurralde Santura erromesaldia egin zuen. 70 urte zituen, eta bidaia nekagarria izan zen, ze hilabete gutxira hil zen, 1373ko ekainaren 23an. 1378ko abenduaren 3an, Katalina alabak Ordena berria sortzeko Brijita Donearen Erregelaren behin betiko onarpena jaso zuen. 1391ko urriaren 7an berriz, Bonifazio IXa aita santuak, Brijita kanonizatu zuen hil eta 18 urtera.

Lasarte-Oriako komentua
Brijita Donearen Ordena Erdi Aroko ordenarik garrantzitsuenetakoa bilakatu zen. XV. mendean, izen handiko 80 monasterio zituen Europan zehar. Erreforma protestantearekin ordea, hainbat monasterio desagertu zen. Baina gerora, Brijita Deunaren Ordena berriro agertu zen.
Horren adibide, gure komentua, 1671ean sortua. On Migel Okendotarra, Brijita Deunarenganako jaieradun sutsua, izan zen sustatzaile handiena. Bere dorretxearen alboan komentua sortu zuen eta bere alaba batzuk bertan sartu eta Brijita Deunaren Erregelara sagaratu ziren.
Baina komentu-monasterio hau santutegia ere bada. Izan ere, Kontsueloko Amaren ohorez eraiki zuen Okendo almiranteak. Bera zen Ama Birjinaren irudiaren gordetzailea. Itsasoan, ekaitza batean Kontsueloko Ama Birjinari egindako laguntza-erregutzeari esker salbatu izana sinistuta, bere ohorez kapera bat eraiki zuen. Kapera horretan Kontsueloko Ama Birjina gurtzen dugu eta alboan Brijita Deuna eta Katalina Deunaren irudiak oso presente ditugu.
Santiagorako erromesaldian Brijita Deunak bere bidean Lasarte igaro zuen ez dakigu, badakigu, ordea; herri honek Brijita Deunarekiko duen gurtza handia. Horregatik gaur, goizeko 11.00etan, fededun asko izango dira bere ohorez ospatuko den mezara bilduko direnak.•

Artikulu hau idazteko liburu hauek erabili dira Manuel Lekuonaren “Lasarteko parrokia”, Antxon Aguirre-Sorondoren “Lasarte-Oria, hogei urte eta hainbat mende”, Jose Agustin Etxeberriaren “Suediako Brijita Deuna” eta Paola Giovettiren Suediako Brijita- Europako Zaindaria.