Lanbide hastapeneko ikastaro berriak ezagutarazi dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2007ko uztailaren 23a

Eusko Jaurlaritzarekin eta Europako Funts Sozialarekin elkarlanean, Lasarte-Oriako Udalak Lanbide Hastapenen Ikastaroen programa berria ezagutarazi du. Lasarte-Orian pintura-papereztatzea ikastaroa emango da. Usurbilen eta Andoainen ere izango dira ikastaroak. Izen ematea irailaren 14an itxiko dute.

Beste urte batez, Eusko Jaurlaritzarekin eta Europako Funts Sozialarekin elkarlanean, Lasarte-Oriako, Usurbilgo eta Andoaingo udalek Lanbide Hastapenen Ikastaroen programa berria antolatu dute. Ikasten ez dauden, langabetuak dauden edo ofizio bat ikasi nahi duten 16 eta 21 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude ikastaroak. Hauek eginda, lanbide bat ikasteaz gain, lan mundura sartzeko aukera izango dute, enpresetan praktikak egin ahal izango baitituzte. Honetaz gain, D.B.H. graduatua lortzeko laguntza izango dute gazteek.
Lasarte-Orian pintura-papereztatzea ikastaroa emango da; Usurbilen, sukaldaritza-gozogintza eta ile apainketa-estetika eta Andoainen berriz, automobilaren karrozeria eta pintura, eta galdagintza-soldadura.
Ikastaroek bi ikasturte izango dituzte. Lehena, 2007ko urritik 2008ko ekainera bitartean izango da, eta bigarrena 2008ko urritik 2009ko ekaina arte. Guztira 2.000 ordu izango dira. Lehenengo ikasturtean lanbide hastapena eskainiko dute (1000 ordu) eta bigarrenean berriz, ikasitakoa sakondu ostean, enpresetan egin beharreko lan praktikak izango dira (450 ordu).
Izen emateko epea ekainaren 18an ireki zen eta irailak 14ra arte iraungo du. Ikastaroetan apuntatu edo informazio zabalagoa jaso nahi duenak udalaren zerbitzu sozialetako departamentuko prestakuntzaren eta enpleguaren arlora jo behar du (Villa Mirentxu; tel.: 943 376 183).•