Jazza hondartza ondoan

Txintxarri 2007ko uztailaren 23a

Gauetan aspertua bazaude eta jazza gogoko baduzu gerturatu zaitez Donostira eta goza ezazu 42. Heineken Jazzaldiaz. Ez larritu sarrerarik eskuratu ez baduzu, Kursaaleko terrazan eta Zurriola hondartzako agertokian musika doan entzuteko aukera ere badago eta.
Gaur bertan izango da lehen kontzertua Haizearen Orrazian baina ez da berrikuntza bakarra izango. Berritu berri den Victoria Eugenia antzokia eta bertan dagoen Kluba Jazzaldiko festarekin bat egingo dute eta Trinitate enparantzan, Kursaal aretoan, eta Altxerri Klubean ere izango dira kontzertuak. Horretaz gain, Jazzaldiak bi irteera egingo ditu Donostiatik kanpo, Irun eta Arrasatera.

Donostiako Jazzaldia Saria
Honetaz gain, 1994tik Jazzaldiak Donostiako Jazzaldia Saria ematen dio urtero artista gailen bati eta 2007ko Saria Wayne Shorter saxofoi-joleak jasoko du. Sari banaketa uztailaren 28an Kursaaleko Auditorioan eskainiko duen kontzertuarekin bat eginez izango da. Shorter gaur egungo jazzean eragin handia duten musikarien artean dago eta bere kontzertuak ikusmin handia sortu du Donostian.•