Folklorea eta artisautza, asteburuko protagonista nagusiak

Txintxarri Aldizkaria 2007ko uztailaren 23a

Lasarte-Oriako XXVII.Nazioarteko Folklore Jaialdiak aukera paregabea eskaini zuen larunbatean beste herrietako kulturak, dantzak bereziki, ezagutzeko eta ikusleek Manuel Lekuona Kultur Etxeko aretoa bete zuten.
Aurretik, arratsalde partean, Tatarstan Errepublikako Kantu eta Dantza Taldeko, Peruko Jallmay Abesbatza eta Dantza Taldeko, Aragoiko Baluarte Baleteko eta Lasarte-Oriako Erketz Dantza Taldeko kideek desfilea egin zuten eta kolore biziz jantzi zituzten herriko kaleak ordu batzuez. Aipatu herrialdetako jantzi, dantza eta kantu tradizionalak azaletik bederen ezagutzeko aukera polita izan zen larunbatekoa.
Ondoren, Manuel Lekuona Kultur Etxean, Erketz D.T.k hasi zuen emanaldia eta, besteak beste, Sagar Dantza eta Zinta Dantza, dantzatu zituzten. Segidan, Peruko Jallmay taldeak kolore alaiez bete zuen eszenatokia, Altiplanoko dantza eta guzti. Aragoitarrek, aldiz, dantzatutako eta abestutako jotak eskaini zituzten. Amaitzeko, Tatarstan Errepublikako taldeak txundituta utzi zituen entzuleak bere dantza azkarrekin eta doinu tradizionalekin.

Igandean, Artisau Azoka
Baina folklore jaialdia ez da asteburuko ekitaldi bakarra izan. Igandean egun osoz, artisauek Okendo eta inguruak hartu zituzten Santa Ana XXIV. Eskulangintza Azokan eta herritar asko hurbildu zen haien produktuak eta lan egiteko moduak erakarrita.
Sagardotegi plazan ere, jende mordoa bildu zen elikagai postuen inguruan.•