Guztia prest Basaundin San Inazio jaiak hasteko

Txintxarri 2007ko uztailaren 27a

Igandean hasiko dira Basaundi Bailarako San Inazio Jaiak. Aurtengo berritasunen artean jaiek 3 egun iraungo dutela azpimarratu daiteke. Egitarau xumea, baina auzotarrek gozatzeko modukoa osatu dute antolatzaileek. TXINTXARRIko agendan topatuko duzue jaien egitarau osoa, 7. orrialdean. Baina ekintzen artean batzuk aipatuko ditugu. Egunero haurrentzako jokoak izango dira, astelehenean berbena Ibai orkestrarekin; eta asteartean, San Inazio egun handian, txikientzako puzgarriak, txapelketa ezberdinak eta zikiroa dastatzeko bazkari herrikoia.
10 urteko etenaren ostean Basaundiko auzotarrek euren jaiak berreskuratu zituzten iaz. Dena den, Buruntz-Azpi elkartearen lana aipatzekoa da. Izan ere, garai bateko jaiak desagertu arren, urtero-urtero San Inazio egunean auzotarrak gustura uzteko moduko ekintzak antolatu izan baititu. Lan horrek egin du bere bidea, eta iaz bezala aurten ere, Basaundiko Bailarak bere jai propioak izango ditu.

Parte-hartze gehiago
Jaien antolaketan auzoko 3 elkarteak aritu dira, La Esperanza bizilagunen elkartea, Xima Maiss gazte elkartea eta Buruntz-Azpi elkartea. Eta partehartzeari dagokionez, auzotarrak gehiago inplikatu ez izanaren damua dute Jai Batzordean.
Horregatik Xima Maiss auzoko gazteen elkarteko lana eta jarrera azpimarratu nahi dute, beraiek gabe iaz egindako apustuak ez bailuke segidarik izango. Bestelakoa da ordea, udalaren jarrera, ze diruz lagundu arren, baliabide gutxi eskaintzen du, adibide gisa, argindarrik ere ez duela emango.
Dena den, antolatzaileen nahia bat da, partehartzea bultzatzea eta auzotarrek primeran pasatzea.•