Legearen aplikapena noren esku dagoen

I. Arteaga 2007ko uztailaren 27a

Hori pentsatu dut espainiar epaile batek zer erabaki duen jakitean. Euskal Herritik kanpo gertatu da, Murcian.
Aste honetan Fernando Ferrin Calamita delako epaileak banandutako emakume lesbiana bati bi alaben zaintza kendu dio. Bikote ohiari, umeen aitari eman dio alabak hezteko ardura.
Epaileari espedientea zabaldu diote. Legea aplikatzean bere ideologia nahastu duelako. Are gehiago, banaketa zein adopzio gaietan lagungarri izan ordez, izorragai izan delako esango nuke. Drogamenpekotasuna, prostituzioa edo pederastiarekin alderatu du gainera emakume lesbiana honen etxeko giroa.
Oporretan asko dira, urtea amarekin pasa eta aiten esku izaten diren seme-alabak. Gero eta gehiago banandutako bikoteak. Euren kabuz, zaila izan arren, erabakia hartu eta banatzen direnak. Usteldutako harremanak bere horretan, espiritu santuaren etorrerarekin sendatuko direnik uste ez, eta banatzea erabakitzen dutenak.
Umeen onerako esaten da. Denen onerako esango nuke nik. Erabakiak hartzeko ahalmena, aukera eta baliabideak badauden seinale. Aldaketak ekar lekizkiekeena zailtasun edo bitartekoak sumatu arren hartzen dute emakume zein gizonek erabaki hau. Denboraren laguntza lagungarria medio, lotura fisiko zein afektiboetatik askatuko dituelako.
Ez dut ezer jakin, ezer irakurri. Begiak itxi eta: lesbiana, heterosexuala, bisexuala, homosexuala… aitortzen naiz.