Pablo Barrio lasarteoriatarrak Iruñeko Haurrentzako Antzerki Testuen Lehiaketa irabazi du. Herio azeri hori euskarazko lanarekin bigarren aldiz irabazi du lehiaketa. Izan ere, iaz Abere hatsak eta beste animalia batzuk antzerki-testuarekin irabazi baitzuen. Bere lana bigarren aldiz taularatua ikusteko aukera izango du, iaz saritutakoa Nafarroako Antzerki Eskolako antzezleek apirilean taularatu zuten eta Herio azeri hori lana hurrengo urtean antzeztuko baitute.
Lasarteoriatarrak testu honetan landu duen gaia ez-ohikoa da antzerkian, eta are gehiago haurrei zuzendutako antzerkian. Gaia: herioa. Pablok lanaren laburpentxo bat egin digu: “Herioak eta Hankazikin goitizeneko umeak topo egiten dutenean hasten da kontua, ospitaleko gelan, erizainaz jantzirik, segadunak umea bizirik mantentzen duen makina mozten duenean; ohetik altxa eta “Hilda nagoela uste dut” esaten dio umeak Herioari. Ingurukoekin zituen harremanak apurtzeak sortzen dion ezinegona gainditzeko -eta haiengan bizirik jarraitzeko, nolabait-, eskaintza bat egiten dio Herioak: bere bizitzaren pasarte batzuk hartu eta horiekin antzerki bat moldatzea, guraso eta lagunen gogoan gordetzeko”.
Antzezlan honetarako aukeratu duen gaia ez da batere erraza lantzeko, kontutan izanda haurrei zuzenduta dagoela. Baina Pablok azaldu digunez, “gaia serioa da eta lanak ez dio seriotasunari uko egiten. Umorea sartzen saiatu naiz, umore beltza batzuetan, beste koloreetakoak besteetan. Atsegina eta ondo pasatzeko egina da lana, nahiz eta tartean estuasunen bat edo beste sortu agian. Helburua ez da inor beldurtzea, baizik eta heriotzaren inguruan gogoetatxo bat egitea, eta heriotza ulertzea eta onartzea”.
Sortze prozesua
Pablo Barrioren azken antzezlanaren gaia eta egitura bereziak dira eta idazleak azaldu digunez, lanaren abiapuntuan izenburua dago, Herio azeri hori. “Hitz-joko fonetikoa dago abiapuntuan. Titulu polita eta gaia erakargarria iruditu zitzaidan.
Hurrengo pausoa umearen hasierako esaldia izan zen Hilda nagoela uste dut. Istorioa bideratze eta garatze aldera, Herioak antzerkiaren bidez haurrari bere bizitzaren pasarteak egiteko aukera eskaintzen dio. Azken idei hau pelikula japoniar batetik hartu dut, hildakoei laburmetrai bat egiteko aukera eskaintzen zien filme hartan”.•