Urtero bezala, Abiadura Handiko Trenaren Aurkako Asanbladak kanpaldia antolatu du Aramaion. Aurtengo kanpaldia, hamabigarrena, “Geldituko dugu!” lemapean egingo da uztailaren 27tik abuztuaren 5erarte. Jende guztiari kanpaldian parte hartzeko dei egin nahi dio Asanbladak, ingurugiroan eta gizarte arloan kalte larriak eragingo dituen proiektu txikitzailearen inposizioaren kontrako mugimenduari indarra ematen segitzeko. Kanpaldiak iraungo dituen 10 egunetan zehar eztabaidak, tailerrak, ekintza informatiboak eta protestak, mendi ibilaldiak, antzerki eta musika emanaldiak izango dira. Informazio gehiago jaso nahi duenak 695 715510 telefonora hots egin dezake.
Bestalde, uztailaren 28an AHT gelditu! Elkarlanak, Urbinan egiten ari diren obretara deitu duen manifestazioan parte hartzera animatu nahi du Asanbladak; “Euskal Y”aren eraikuntza lanen hedapena arbuiatzeko eta Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Sustapen Ministerioari lan horiek berehala geldi ditzatela exijitzeko.