Kontsesion Etxenahinike eta Bartolomeo Baitanike, errudunak

Txintxarri Aldizkaria 2007ko uztailaren 27a

Joan den asteburuan Folklore Jaialdia eta Eskulangintza Azoka izan bagenituen ikusgai, Santa Ana Eguneko ospakizunak Brigiten Komentuko ohiko mezarekin hasi ziren atzo. Ondoren, Ttakun Kultur Elkarteak antolatutako luntxa dastatzeko aukera izan zen eta eguerdiko hamabietan Santa Ana Karkaba aurrean dantzatu zuten Erketz Dantza Taldeko dantzariek.
Hilabete osoan Txokotan ibili diren haur eta begiraleek ere ez zuten hutsik egin nahi izan Santa Ana egunean eta uztaileko txanda gaur bukatuko badute ere, amaierako jaialdia egin zuten Okendoko frontoian. Arratsalde parteko ekitaldiak Ttakuneko aisia sailak haurrentzat antolatutako jolasekin hasi zen.

Pala txapelketa
Aurtengo Santa Ana pala txapelketako azken bi partidak jokatu ziren atzo Okendoko frontoian. Hirugarren eta laugarren posturako partidan, Iñigo Arluziagak eta Imanol Bardajik osatutako bikotea 35-20 gailendu zen Ibon Azkonobietak eta Eneko Iradik osatutako bikotearen aurkako lehian.
Final handia oso borrokatua eta orekatua izan zen eta Mikel Bardaji-Xabier Etxezarreta eta Eneko Urdanpilleta-Unai Lizaso bikoteen arteko norgehiagoka ikusgarria izan zen. Berdinketa ugarien ostean, amaieran Urdanpilleta-Lizaso bikotea izan zen irabazlea 35-30 nagusitu eta gero.
Artekariz mozorrotutako bi herritarrek umore punttua eman zioten pala finalari.

Gauean, parodia
Baina eguneko ekitaldirik sonatuena Parodia izan zen. Bertan, azken urtean herrian gertatutako kontu azpimarragarrienak errepasatu zituzten Nekane Sagardiak, Mailu Arrutik eta Idoia Garzesek egindako gidoiarekin eta azenean Kontsesion Etxenahinike eta Bartolomeo Baitanike akusatuak sutan erretzera kondenatu zituzten. Aurtengo omendua, Alejandro Romo izan zen.
Aurretik, parodian parte hartu zuten berrogei inguru aktoreek Lasartearra Elkartean bapo afaldu zuten Juan Luis Eizmendik eta Martin Iztuetak elkarteko bazkideen laguntzarekin prestatutako afarian.•