Nola sartu zinen saltsa honetan?
1976 urtean ikastolatik hots egin zidaten, irakasle pila zetorrela ikastola berrira eta janaria prestatzeko norbait behar zutela...
Sukaldari ona al zinen?
Txarra, nik dilistak, tortillak... hori egiteko akaso. Baina oso gazteak eta apetitu onekoak ziren eta dena estimatzen zuten gizajo haiek. Pentsa, hiru egun jarraian dilistak jan zituzten, halako pila preparatu nuen. Eta Juanek (Segurolak) halaxe esan zidan “bihar ere jango ditugu, baina txorizo muturren bat botako bazenie”.
Eta 1984ean guraso batzuk etorri zitzaizkion eta lokal batean 15 umeri janaria ematen hasi zen. Baina ume gehiago zeuden, hura aldatu beharra zegoen eta “gurasoek kristoren lana egin zuten”. Handik zahar etxeko etxabetara, “eltzeak alkateak ordaindu zituen”. Bi urtera bidali zituzten, baina “atera aurretik alkateak leku berria topatu behar izan zuen”: Sasoetako eskola aurrefabrikatuak. 150 ume zeuden eta sartzeko zerrenda. Baina ez zen leku egokia, udaltzainak joaten zitzaizkion jangela istera, “nola itxiko dut ba, orain ume guztiak datozkit jatera” eta segi aurrera. Bazkariak Okendon eta eltzeak hartuta udaletxera zarata ateratzera, “gu beti eskean”.
1991ean, gurasoen ahaleginari esker udalarekin akordioa eginda, legalizazioa lortu zen. Eta geroztik lau urtero konkurtsora ateratzen da, eta Pilar beti hor izan da. Eta 2000 inguruan Mitxelinera. Askoz hobeto daude, baina beste su gehiago eta beste labe bat ez lirateke gaizki etorriko. "Eta umeek jolasteko lekua behar dute" eta momentuz ez dute leku egokirik. Orain 200 ume baino gehiago dituzte.
Umeentzako menu polita.
Kroketak, arroza, makarroiak, tortilla...
Eta arraina?
Ederki jaten dute. Izoztutakoa eman dugu beti, anisakis harraren aurretik ere... Umeek oso gustura jaten dute arraina.
Ondo prestatzen duzunaren seinale.
Ez ezazue pentsa, harrokeriarik gabe, maitasun pixka bat botatzen diogu olioari eta nahikoa da.
Jatun onak dira? Arazorik izaten al da?
Gehienak bai, denetarik dago. Begiraleak umeak ezagutu behar ditu.
Hori al zen zure lana?
Mitxelinera joan arte umeak bertatik ikusten nituen. Nire lana ez zen umeekin egotea baina bertan nintzen. Orain berriz, sukaldea eta jangela artean pareta edukita asko aldatu da.
Eta umeren batek jaten ez bazuen...
Komisaria sukaldean dago. Umearen platerari erreparatu eta janaria jelatuta dagoela ikusi. Umearekin hitz egin, malkoak kendu, platera erretiratu... eta beste bat jarri, kantitate txikiagoarekin baina bero-bero. Umea platerekoa jatera animatu eta saiatu. Gehienekin ondo, baina besteekin horrela ere ez, orduan kristoren errieta, umearen amonarena baino handiagoa... eta lortu. Umea bereganatzen duzu, ez dakit halako defentsa-edo izango dute haurrek, batek agindu eta gaina hartzeko beharra balute bezala.
Hozkailuaren iragarkia ikusi duzu, espinakak jan behar dituen umearena...
Kar, kar... Hozkailuak ostikoa jasotzen duena, bai.
Zaila al da umeekin lan egitea?
Begira, 50 ume badituzu eta begirale batzuk oso polita da. Baina ume kopurua bikoiztu eta begiraleena bikoiztuta ere, oso zaila da. Zailagoa da ume bakoitzarengana iristea, bakoitzaren bihotzera, bakoitzaren malkora... eta gainera erdian bi pareta jartzen badizkizute, ba zer esanik ez.
Umeak mokofinak dira?
Umeek jangelako jana jaten ikasten dute, etxean arazo gehiago dituzte jangelan baino.
Kroketak ipinita ze arazo izango dute... Eta azelgak jarrita?
Bai, gehienetan berdura purean prestatzen dugu. Baina batzuetan esaten diet “gaur osorik jan beharra dago”. Orduan, azelgaren zati zuri lodia sekula ez dut jartzen, eta hosto berdeak txiki-txiki egiten ditut eta ez da arazorik, begiraleek beldur handiagoa dute egun horrekin nik baino.
Zu jatun ona al zara?
Harriak ere jango nituzke.
Sukaldea erre al duzu inoiz?
Sukaldea ez, baina behin zartaginak su hartu bai.
Eta janaria erre?
Erre! Ez dago denborarik.
Zer moduz zure omenezko bazkaria?
Jende asko batu ginen, umeak eta gurasoak. Oso polita izan zen, hasieran nahiko urduri eta lotsatuta nengoen. Nahiago nuen harri baten azpian sartu han egotea baino... Baina bukaeran bertsoak jaso nituen (testuaren amaiera haurrek Pilarri eskainitako bertsoetako bat duzue) eta denei eskerrak eman nahi dizkiet; eta zer eskertu behar didate niri, nik nire jornala atera dut. Gainera beti gustatu izan zaizkit umeak eta 10 urte gutxiago izango banitu korrika joango nintzateke jangelara.
Jubilatu berri zara, zer egingo duzu?
Orain nago elorri baten aurrean bezala, bi eskuekin tartea eginez eta bidezidorra topatu nahian. Aurrena udara pasako dugu eta gero gerokoak.
Baina 10 urte gutxiago bazenitu...
Hor pasa baitut bizitza. Gehien bete nauen lana, dudarik gabe, hori izan da.
Zer eman dizu jangelak? Jornala....
Ez, ez, ez... Bizia eman dit. Zerbait naizela ... Pertsonak autoestimua eduki behar du, eta niri jangelak handia eman dit. Arazoak baita ere, noski... Baina zerbait egin dudala pentsarazten nau, umeen alde, herriaren alde....•
Bazkaltzen ez badegu
agur gure pozak
sukalderaino dago
oso bide motza,
bildurra sartzen digu
erakutsiz hortzak,
baino mugarik ez du
Pilarren bihotzak
Haurrek Pilarri