Ezustekorik gabe kontsumitzeko kanpaina ibiltaria herrian

Txintxarri Aldizkaria 2007ko irailaren 10a

Eusko Jaurlaritzako Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak “Ezustekorik gabe kontsumitzeko, informa zaitez” kanpaina ibiltaria EAEko hamasei udalerrietan barrena ibiliko da erreklamazio gehien jasotzen dituzten sektoreei buruzko informazioa zabaltzen.
Sentsibilizazio eta informazio kanpaina ibiltari hau Lasarte-Oriara aurreko ostegunean iritsi zen etxebizitza erosteari buruzko informazioa zabaltzeko. Osteguneko aurkezpenean Ruben Mendiola Eusko JaurlaritzakoKontsumo Zuzendaria, Iñaki Mujika alkate ordea, Ricardo Ortega Kontsumo, Osasuna, Merkataritza eta Ingurugiro Saileko lehendakaria eta Mertxe Altzuguren Kontsumitzaileen bulegoko arduraduna izan ziren.
Ruben Mendiolak bertara gerturatu zirenei etxebizitza erosterako garaian bezeroak topa litzakeen abusuzko klausulekin argi ibiltzeko gogorarazi zuen. “Erosleak ez du zertan enpresa eraikitzailearen hipoteka-kredituaren subrogazioa onartu behar; eskriturak sinatzerakoan ezin digute notaritza inposatu; eta obraren kalitatean egiten den aldaketa oro jakinarazi eta onartu egin behar da. Abusuzko klausulak bermealdi laburrak eskaintzen dituzte, baina araudiak ondorengoak ezartzen ditu: urtebete akabera-akatsentzako eta 10 urte akatsek eraikinaren egitura arriskuan jartzen badute. Hau betetzen ez bada, kalteordainak eskatzeko aukera du erosleak”.