Lasarte-Oriako II. Duatloi Krosa larunbatean ospatuko da

Txintxarri Aldizkaria 2007ko irailaren 10a

Lasarte-Oria Igeri elkarteko duatloi sailak Lasarte-Oriako II. Duatloi Krosa antolatu du irailaren 15erako. Froga honetan Euskadiko txapelketa egongo da jokoan eta, beraz, Euskadiko duatleta hoberenak etortzea espero dute. Honetaz gain, iazko arrakasta errepikatu nahi dute, baita partehartzaile kopurua handitu ere.

Iazko arrakasta ikusita Lasarte-Oriako II. Duatloi krosa izango dugu irailaren 15ean. Lasarte-Oriako Igeriketa elkarteak urte bete darama proba prestatzen eta iaz ez bezala, aurten ez dute arazo handirik izan. Andoni Illarramendik jakin arazi digunez, "iaz berriak ginen honelako txapelketak antolatzen eta zailtasun handiak izan genituen, aurten, berriz, ez dugu bat ere izan".

Euskadiko txapelketa
Euskadiko Federazioak eskainita aurtengo lehiaketa Euskadiko txapelketa ere izango da eta hau ikusirik 32 kilometroko ibilbidea prestatu dute antolatzaileek. Illarramendik esan digunaren arabera, iazkoarekin alderatuta ibilbideak bi aldaketa nagusi dakartza, bata duatloiko lehenengo zatia mendi lasterketa izango dela eta bestea atal bakoitzeko kilometro kopurua handitu dela. Ondorioz, Lasarte-Oriako II. Duatloi Kroseko partehartzaileek 6,3 km egin beharko dituzte mendi lasterketan, 22 km mendi bizikletan eta 3,8 km lasterka herrian zehar.

Ibilbidea
Irteera arratsaldeko 15:30ean izango da eta anbulategi ondoan egongo da, iazkoaren antzera. Boxak ere iazko kokaleku bera izango du, haur parkea.
Ibilbideari dagokionez, mendi lasterketako metro batzuk herrian egingo dituzte, irteeratik Dorre parkera egin eta ibaitik buelta egingo baitute hipodromoko zubira. Hemen hipodromotik barrena egingo dute harmailen atzetik, zalditegien aurretik korri, errepidea zeharkatu eta Real Sociedaden zelaien ondotik mendian gora egingo dute., goian hornidura eta beherantz hipodromora zubia Ola kalea buelta eta Dorre parketik boxetara.
Mendi bizikletan Zubietarantz porlanezko bidetik Araetara, gero gora Andatzako magaletatik, Zubieta-Usurbil bidera eta berriro ere gora Andatzako magaletatik. Atal honi bi buelta eman behar dizkiote eta azkenekoan Zubieta herritik pasa eta boxetara egin behar dute lehiakideek. Azken atalean, asfaltoko ibilbide izango dute eta honi ere bi buelta eman beharko dizkiete. Honela, ibai hertzeko paseotik Erribera kalera egingo dute, hortik ibai hertzeko parkera bide gorria hartuta, parke bukaeran buelta eman beharko dute. Hemendik Ola Kalea hartu eta Dorre parkea gurutzatu ostean, helmugara iritsiko dira.
Antolatzaileen iritziz proba erraza da. "Igoera gogorrak izan ditzake, baina gehiena pista zabaletan egiten da", aipatu digu Andonik. Hala ere, eguraldiaren garrantzia ere azpimarratu digu Andoni Illarramendik. "Iaz euriak eta lokatzak zaildu zuten proba, baina lehor egonez gero, ez dago arazorik", esan digu.
Honela, herritarrak animatu nahiko lituzke lehiaketan parte hartzera. Illarramendiren hitzetan,"Euskadiko txapelketa izateak izua ematen dio jendeari, baina txapelketa lehiatzera lau edo bost datoz, beste guztiak duatloian parte hartzera".

Sariak eta izen ematea
II. Duatloi Krosaren sari banaketa bikoitza izango da, batetik probako irabazleak egongo dira eta besteak Euskadiko txapeldunak. Honen harira, Andonik Euskadiko duatleta hoberenak espero dituztela jakin arazi digu, baita izen emate kopurua oraingoz txikia dela ere. "Hala ere, normala da azkeneko astean eman ohi dira izen emate gehienak", onartu digu Andonik.
Sari banaketara bueltatuz, diru saria eta trofeoa egongo da irabazleentzako, aurten gainera diru saria handitu dute. Baina partehartzaileentzat ere egongo da saririk, zozketa egongo baita bukaeran.
Beraz, lehiaketan izen eman nahi duenak irailaren 13ra arte dauka. Izen ematea 607199920 telefonoan edo www.triatloi.org web orrialdean egin daiteke. Kuota 20 eurokoa da federatuentzat eta 30 ez federatuentzat eta Caja Laboraleko kontu zenbaki honetan 3035 0036 11 0360072844 egin behar dute diru sarrera.•