Peugeot 206 GTI batean eta Iker Arrillaga usurbildarra lagun duela Errioxako Txapelketako zazpi lasterketetan lehiatu da eta, azkenekoan, Badarango rally esprintean bigarren postua eskuratu zuen bere kategorian, bi gurpiletako trakziodun kotxetan. Honi esker, lasterketa baten faltan, sailkapen nagusiko 5. postua lortu du eta azken lasterketan lan ona eginez gero, hirugarren postua lortzeko aukerak dituztela onartu digu.
Honetaz gain, lasterketa bakoitzean 11-12 kilometrotako ibilbidea egin behar dutela azaldu digu. "Gidari bakoitzak hiru pasada egin behar ditu, hiruren denborak batu eta azkarrenak irabazten du lasterketa", esan digu Asierrek.
Iaz aldaketak
Asierrek zazpi urte daramatza rally lasterketetan lehian. Baina duela bi urte kotxez eta laguntzailez aldatu zuen eta iazkoa urte zaila izan zen, bai beretzat, bai bere kopilotuarentzat ere. "Iaz lasai ibili nintzen lasterketetan. Kotxea berria zen eta ez nuen asko zigortu nahi. Gainera, laguntzaile berria nuen, Iker Arrillaga usurbildarra eta ez ginen oso ongi moldatu", aipatu digu Goenagak. Baina denboraldi honetan arazoak konpondu eta denborak hobetzen hasi dira, baita lasterketak irabazi ere.
Musu truk
Hala ere, Asierren ustetan, maila honetako rally txapelketetan aipagarriena partehartzaileak musu truk lehiatzen direla da. "Irabazleek txapelak eta trofeoa eskuratzen dute, baina diru saririk ez dago", aitortu digu Asierrek. Beraz, rally gidarientzat eta Asierrentzat, noski, oso garrantzitsuak dira. Asierren hitzetan, "diru sarrera handia behar da automobila zaindu eta lasterketa batetik bestera ibiltzeko. Horregatik nire babesleen, Zubieta Motor, Arin Express, Iñaki Iturgintza, Disprauto, Serilan Serigrafia eta Arrieta Ileapaindegiaren, laguntzarik gabe ezingo nintzateke lehiatu".
Errioxako txapelketako azken proba, Villamediana de Iraguako Rally esprinta, irailak 16an da eta, honen zain, autoa prestatzen ari da sailkapeneko 3. postua eskura izateko. Zorte ona opa diegu, beraz, Asier Goenaga eta Iker Arrillagari.•