Zero Sette akordeoi orkestraren XX. urteurrenaren azken akordeak gertu daude, baina hori gertatu baino lehen orkestrak Lasarte-Oriako IV. Akordeoi Jaialdia ospatuko du irailak 29an Manuel Lekuona Kultur Etxean. Aurten Zero Settek izen handiko bi bakarlari, Altsasuko Enrike Zelaia eta Frantziako Nathalie Boucheix eta Herbeheretako Elsene Akordeoi orkestra gonbidatu ditu Lasarte-Oriako entzuleak liluratzeko.
Jaialdiko partehartzaileak
Enrike Zelaia 80. hamarkadako akordeoi jolea dugu eta hainbat sari irabazia. Jaialdian 6 obra eskainiko ditu herrikoiak diren Amodioa, Dantzariari, Kontra ian...¡Zast! eta Nafarroa eta F. Cortoren Vals con Variaciones, guztiak berak moldatuak.
Frantziatik Munduko txapeldun izandako Nathalie Boucheix datorkigu. Enrikek ez bezala, Nathaliek bi musikoren laguntza izango du taula gainean eta aski ezagunak diren obrak eskainiko ditu: A. Piazzollaren Meditango, A. Cabralen La Foule, A. C. Jobinen The Girl of Ipanema, C. Velagouezen Besame Mucho, M. Larcangen La Grande Valse, J. Kosmaren Les Feuilles Mortes eta A. Musichiniren A fond la Caisse.
Hirugarren gonbidatua Herbeheretako Limburgo herrialdeko Elsene Akordeoi orkestra dugu. Hogei akordeoilari eta soprano batek osatutako taldea dugu eta bere errepertorioan musika sinfonikoa, erritmo latino amerikanoak eta musika klasikoko obrak ditu. Lasarte-Orian eskainiko dituzten obra gehienak Carlo Plaum orkestrako zuzendariak moldatutakoak dira, hala nola, Hartog eta Wandersen Fueniño, Jaime Texidorren Amparito Roca edo J. Fishman eta L. Donidaren Help Yourself. Obra hauetaz gain, Adolf Götzen Brzo, Joseph Rixneren Malaga eta Renato Buik James Lasten Morgens um sieben abestiaren moldaketa ere entzun gai izango dira.
Estreinaldiak
Azkenik, etxeko taldea taularatuko da. Zero Sette Akordeoi orkestra Jose Antonio Mercerok 1987 urtean sortutako taldea dugu. Aurten bere XX. urteurrena ospatzen ari da eta 1990tik Elias Goikouria da bere zuzendaria. Gaur egun hogei eta bost akordeoilari eta perkusio joleez osatua dago.
Lasarte-Oriako taldeak bi obra eskainiko ditu estreinekoz akordeoi jaialdian Milan Novotnyren Inder Pussta eta Astro Piazzolla tangogilearen S.V.P. (S'il vous plait). Azken abesti honetan, 2007ko Europako Tango txapelduna den Amaia Gonzalez lasarteoriatarra izango dute lagun. Baina Zero Settek Ruperto Chapíen La Revoltosa zartzuelaren preludioa eta Jean Sibeiusen Finlandia, Opus 26 poema sinfonikoa.
Jaialdia bukatzeko bi akordeoi orkestrek, Carlo Plaumen zuzendaritzapean Acordeon Ballade eskainiko dute.
Zero Settek aurreko edizioetako arrakasta lortzea espero du eta herritarrak animatu nahiko lituzke jaialdian parte hartzera. Honetaz gain, antolatzaileek Lasarte-Oriako IV. Akordeoi Orkestrarako sarrerak Kultur Etxean eskuragarri daudela jakin arazi digute. •