Bukatu dira oporrak, orain egunerokotasunera buelta

Nerea Eizagirre 2007ko irailaren 10a

Ekainetik irailera, abuztu osoa, hamabostaldi bat, aste bete... Edonola bada ere lasarteoriatar asko oporretara joan da udara honetan. Gehienak herritik kanpo ibili dira, egunerokotasuna alde batera utzita, baina gutxi batzuk herria zaintzen geratu dira. Tamalez oporrak bukatu dira gehienentzat eta eguneroko bizitzara bueltatu behar da. Horregatik, kalera atera gara lasarteoriatarren oporrei eta berri jakiteko.

Maider Alkorta
Opor luzeak izan ditut, bi hilabete. Hala ere, kanpoan aste bete soilik egon gara eta ongi aprobetxatutako astea izan dela esan dezakegu.
Gainera, hemen eguraldi kaxkarra egin du eta eguzkia atera den gutxietan, hondartzara joan gara.
Egunerokotasunera itzultzea dator orain. Udan umea berandu esnatzen zen eta lasai ibiltzen ginen. Orain ordutegia aldatu beharra dugu.
Astelehenean hasten naiz lanean eta gogorra egingo zait goizago esnatu, umea esnatu, haurtzaindegira eraman, etab. egitea. Baina moldatuko gara.

Jon Sarasola
Oporrak oso ongi igaro ditut. 6 lagun joan gara Interrail egitera eta hamabost egunetan Alemania eta Europako hiriburu batzuk ikusi ditugu.
Ero moduan ibili gara batetik bestera eta neketsua izan da, baina pena merezi izan du.
Txarrena Lasarte-Oriara itzuli eta lanera bueltatzea izan da.
Hainbeste egun kanpoan pasa ondoren, zail egiten da lanean berriro hastea.
Gainera, egun hauetan ez da lan askorik egon dendan eta aspertu xamar ibili naiz.

Kontxi Sanz
Oraindik ez gara oporretara joan. Udara hasieran egun batzuk hartu genituen, baina aurrerago joango gara. Hemen eguraldi txarra egin du, ezin izan gara hondartzara joan eta beste gauza batzuk egitea besterik ez genuen. Baina nahigo dut udara honetako freskoa beste urteetako beroa baino.

Pepi Plaza
Primeran, oso ongi pasa dugu. Herrian egon naizen hilabete eta erdia ongi etorri zait pilak kargatzeko.
Txarrena familia osoa bildu ezin izana da. Honetaz gain, ez zait itzulera zaila egin, hango lana eta hemengoa berdintsua baita niretzat.

Francisca Hernandez
Aurten ezin izan gara oporretara joan eta hemen geratu gara herria zaintzen. Gainera, hemen eguraldi txarra egin du eta eguzki egunak aprobetxatu behar izan ditut zakurrarekin paseatzeko. Honela, aurten ez dugu arazorik izan oporretatik bueltan.

Javi Pascual
Udako oporretan oso ongi ibili gara, baina haurrak txikiak ditugunez ezin izan dugu guk nahi bezain beste disfrutatu.
Egunerokotasunarekin hautsi eta aldatzea ongi dator, hemengo gauzak ahazten dituzu eta beste giro batean bizi zara.
Txarrena itzultzerakoan dator.
Ni orain langabezian nago, baina lanean nengoenean oso zail egiten zitzaidan fabrikara bueltatzea eta lan erritmoa berriro hartzea.

Pedro Arribas
Hamabost egun izan ditut eta alde batetik bestera ibili naiz. Baina egun batzuk hemen egin ditut, gurasoekin Burgosen egon naiz eta lagun batzuekin Iratxen, Lizarran.
Eguraldi txarra alde batera utzita, oporrak disfrutatu ditudala esan daiteke.
Helburua lasai egotea zen eta lanik ez egitea zen.
Okerrena orain dator, lanera berriro ohitzea.
Lan fisiko handia egiten dut eta hamabost egun ezer egin gabe egotea asko antzematen da.
Hala ere, urteak aurrera egin ahala itzulera errazago egiten da eta azkarrago itzultzen zara egunerokotasunera.