Abiadura Handiko Trenaren aurkako oposiziotik salatu dutenez, joan den maiatza ez geroztik AHTren obrak Arabako Legutio-Arratzua/Ubarrundia zatian hedatzen ari dira. Aipatu lanak jadanik Lukun, Miñaon eta Erretanan zabaldu dira eta "txikizioaren tamaina ikusgarria da, Lukun batipat".
AHTren aurkako asanbladak jakinarazi digunez, "Altuna y Uriaren azpikontrata gisa, Irungo enpresa bat ari da Araban AHTren obrako zulatze lan guztiak egiten".
Horrez gain, orain arte obrak hasi dituzten Legutio-Arratzua/Ubarrundia zatiko lanez gain, aurrerantzean Legutio-Eskoriatza AHTren hurrengo zatian ere azpikontrata gisa lanean aritzeko eskaini diote. Mintzagai dugun enpresa Excavaciones Ugarte da eta zalantzan omen dabil AHTren lanetan jarraitzeko obra konfliktiboa delako. Izan ere, Luku aldean zulatze lanak egiteaz gain, aurrerantzean Urbinako herria bete-betean harrapatzen duen zatian ere lanean hastekoak direla jakin dugu" salatu dute.
Aurrera begirako deialdiak
Zentzu horretan, orain arte eginiko protesta ekintzekin eta mobilizazioekin jarraituaz, hilabete honetarako bi ekintza iragarri dituzte.
Batetik, irailaren 15ean larunbata, AHTren aurkako asanbladaren hurrengo bilera egingo dute, arratsaldeko 16:00etan, Andoaingo Gaztetxean.
Bestalde, irailaren 27an osteguna, 20 lagunen aurkako epaiketa izango da Gasteizen 12:00etan, Urbinako Erresistentzia Guneak obretan egindako kateaketa ekintza batengatik, desordenu publikoak leporatuta eta epaitutako kideei elkartasuna adierazteko bertan izango direla adierazi dute.•