Guadalupeko Amabirjinaren ohoretan

Nerea Eizagirre 2007ko irailaren 10a

Urtero moduan aurtengoan ere irailaren 8an Guadalupeko Amaren eguna izanik eta bere ohoretan, ekitaldi ezberdinak antolatu zituen Extremadura etxeak. Festa giroa bandera goratzearekin hasi zen ostiralean eta asteburuan zehar luzatu da igande arte.

Extremadurako Etxeak Guadalupeko Ama bere zaindariren festa ospatu du asteburu honetan. Ostiraletik igandera artean, Etxeak antolatu dituen ekintzei esker, Extremadurako Autonomia erkidegoan jaio eta herrian bizi diren lasarteoriatarren bilgune izan da Uzturre plaza.
Ostirala arratsaldean hasi ziren festak ohizko bandera goratzea eta Extremadurako Komunitate Autonomoaren himnoaren kantatzearekin. Hau guztia, Fernando Escoriaza udaleko zinegotziaren presentziaz. Ondoren, herri-afaria antolatu zen Extremadura etxean. Eta afarira gerturatu ziren bazkideek eta herritarrek Extremadurako kaldereta goxoa dastatzeko aukera izan zuten.
Ospakizunerako egun handia larunbatekoa izan zen, Guadalupeko Amaren eguna. Goizeko egitaraua haurrentzako ekintzez betea zegoen. Lehenengo marrazki eta pintura lehiaketa. Gaia Extremadura izan zen eta umeak bi multzotan lehiatu ziren, batetik 7tik 10 urtera eta bestetik 11tik 14ra. Eta ondoren jolasak izan ziren Uzturre plazan zaku karrerak edo momiak, esate baterako.
Arratsaldean, berriz, helduen txanda izan zen. 18 urtetik gorakoentzat mus txapelketa, emakumeen bola-joko txapelketa eta, gau partean, bazkide eta lagunentzako afaria. Afalondoan Manuel Fernandez elkarteko lehendakariak oroigarrizko plakak banatu zizkien aurten Extremadura etxean 25 urte bete dituzten 4 bazkideei, Julian Cespedes Garcia, Jose Luis Rubio Bravo, Jesus Lopez Diego eta Mariano Garcia de la Fuenteri.
Gauak luze jo zuen. "Hermanos Aguirre" taldearen laguntzaz dantza lehiaketa egon zen eta asko izan ziren goizeko hirurak arte dantzan egon zirenak. Orduan Extremadura Etxeak bertan zeuden guztientzat migak banatu zituen.
Festen azken egunean, igande eguerdian, meza ospatu eta ondoren herri bazkaria antolatu zen Extremadurako Etxean. Hauek ez ziren ekintza bakarrak izan,18 urtetik gorakoentzat eta bikoteka Tute txapelketa jokatu baitzen eta, ostean, Errenteriako Monfragüe taldeak eskainitako dantzakiek festa girotu eta plaza jendez bete baitzuten. Festei amaiera eman baino lehen, joko eta lehiaketetako irabazleei sariak banatu zizkieten. Iluntzean, Extremadura Etxeak bandera jaitsiera eginaz, hurrengo urtera arte agur egin zion Guadalupeko Amaren festei.•