Udarako oporrak bukatu dira eta ikastolan hasi dira jada etxeko txikienak. Astelehen goizean batzuek negarrez ikastolan zer aurkituko zutenaren beldur eta besteak pozik, aurreko ikasturteko lagunak berriz ikusiko zituztelako. Astebete igaro da eta txiki asko oraindik ez dira moldatu egoera berrira eta handienak hurrengo urteko oporraldiak noiz iritsiko desiratzen daude.
Goranzko joera
Lasarte-Oriako ikastetxeetako arduradunekin aurtengo ikasturteko matrikulazioei buruz hitz egin dugu eta balorazio orokor bat jaso ondoren, aurretik genuen susmoa konfirmatu digute: gero eta haur gehiago dago herrian. Eskaini dizkiguten datuen arabera, argi ikusten da lehen hezkuntzako matrikulazioak askoz ere altuagoak direla: "azken urteotan argi dago joera gorakoa dela", dio Ana Eizmendik, Landaberriko idazkariak. Landaberriko Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako matrikulazioak kontutan hartzen baditugu ia %45 haur hezkuntzakoak dira. Sasoeta-Zumaburu ikastetxean ere matrikulazioen gorakada nabari dute: "Urtetik urtera haur gehiago sartzen da, matrikulazio topera iristen ari gara", kontatzen digu Elena idazkariak.
Lurdes Etxeberria, Landaberriko DBHko ikasketa buruak azaldu digunez, "aurreko urteetan maila bakoitzeko hiru gela izan ditugu, baina aurten DBHko lehen mailan beste gela bat ireki behar izan dugu. Gure harrobia Lanbaderriko lehen hezkuntza da eta nabaritzen da joera goranzkoa dela. Bestetik, Lasarte-Oriako ikastetxeen muga Donostiakoak izan dira, baina dirudienez Donostiarako joera hori apaltzen ari dela."•