Alderdien eskaerak eta galderak, ikasturte politiko berriko lehen bilkuran

Txintxarri Aldizkaria 2007ko irailaren 14a

Udako oporren bueltan, ikasturte politiko berria martxan da eta atzo Ohiko Bilkura ospatu zen Udaletxeko Batzar Aretoan. Bertan ziren PSEko 4 zinegotzi, ANVko 3, EAJko 2, EAko 1, LOHPko 1 eta EAko 1. Ana Urchueguia eta Martin Moreno ez ziren bilkuran Añarbeko Mankomunitateko Batzorde bileran zirelako, Jone Altuna oporretan delako eta Lurdes Acevedo arazo pertsonalengatik. Iñaki Mujika alkateordeak zuzendu zuen bilkura.

Gai bakarra zuen eguneko gai-zerrendak, hots, eskaerak eta galderak. Aurretik, ordea, PPko Jose Encinasek aurkeztutako mozioa bozkatu zuten. Encinasek, “legeak agintzen duen moduan, Espainiako bandera Udaletxeko balkoian jartzea” eskatu zuen. Mozioa atzera bota zuten PSE, ANV eta EAJ alderdien botoekin. EA abstenitu egin zen. PPk alde egin zuen eta EB mozioa eztabaidatzearen alde agertu zen, “nahiz eta mozioaren edukiekin bat ez etorri”.

PPren mozioa, atzera
Legeak dioena ez betetzekotan, arrazoiak agertzeko eskatu zuen Encinasek. ANVko Jose Goikoetxea “sortuko litzatekeen konfliktoa ekiditearen” alde agertu zen eta PSEko Iñaki Mujikak “Gorengo Tribunalaren sententzia aztertuko dugu baina sinboloen erabilera politikoa ez da komenigarria” adierazi zuen.
Encinasek erraustegiaren kontua ere mahai gaineratu zuen. Donostiako PSEk Zubietako kokalekuarekin aurrera egin nahi duela eta erabaki horrekin ados dauden galdetu zuen. Baita Ricardo Ortegak “aurretik hartutako erabakiak onartuko ez ditueneko” adierazpenez ere galdetu zuen. Mujikak Zubietako kokalekuaren aurka jarraitzen dutela berretsi zuen eta Ortegak “ez dut inoiz adierazi Mankomunitatearen aurreko erabakiak onartuko ez ditugunik baina errauste sistemaren aurka gaude eta Hiri Hondakinen Kudeaketaren inguruko gure plana ematen ari gara aditzera”.

Laguntza Perura
LHOPko Ana Isabel Prietok Peruko lurrikara dela eta inolako laguntza bidaltzea aurreikusi den eta halakoetan zein irizpide jarraitzen den galdetu zuen. Mujikaren erantzuna, Gurutze Gorriarekin eta Euskal Fondoarekin harremanetan daudela eta 6.000 euroko dirulaguntza bidaltzea aztertzen ari direla erantzun zion, “iazko Tsunamia, El Salvadorreko lurrikara eta Nikaraguako urakanarekin egin bezala”. Halakoetan, udal aurrekontuak ahalbidetzen duenaren arabera jokatu ohi dela erantsi zuen.
Villa Mirentxuko trinketearen erabilera nolakoa izango den ere galdetu zuen Prietok eta erabilera erregimena lantzen ari direla argitu zuen alkateordeak.
EAJren txandan, “datorren urteko udal ordenantzen eta aurrekontuaren lanketan parte hartu nahi dugu gure eskubideak defendatzeko eta, hortaz, alderdi guztiak bilduko dituen bilera bat eskatu nahi dugu, zenbait gairekin istiluak egon daitezkeela aurreikusiz. Gainera, eztabaidan herritarren partaidetza errazteko neurriak” eskatu zituen Estitxu Alkortak. Mujikak, “proposamenen bat prest egon bezain laster, alderdi politiko guztiei helaraziko dizuegu aztertu eta eztabaidatzeko. Urria amaitu aurretik ordenantzak eta urtea amaitu aurretik aurrekontua onartzea da gure asmoa eta gobernu talde honek eztabaidan herritarren partaidetza errazteko borondatea du” adierazi zuen.

Dokumentazioa euskaraz
Azken txandan, ANVko Jose Goikoetxeak hiru gai izan zituen hizpide. Batetik, “gure eskubidea den heinean, Udaletxeko dokumentazioa euskaraz jasotzeko nahia”. Bestetik, Haur-eskolako langileen lan-baldintzen inguruan eta Partzuergoan sartzeko asmorik ba ote den galdetu zuen. Amaitzeko, “Landaberri Ikastolan 13 haur lekurik gabe geratu dira eta halako zein bestelako arazoei aurre egiteko Kontseilu Eskolarra sortzea aztertuko” den jakin nahi izan zuen. “Udaleko dokumentazio guztia euskaratzekotan Euskara Zerbitzuak soilik horretara mugatu beharko luke eta hori ezinezkoa da baina egoera aztertu eta ahal den neurrian dokumentazioa euskaraz helarazteko borondatea dugu. Haur-Eskolari dagokionez, ikasturtea arazorik gabe hasi da. Langile guztiek euren lanpostua mantendu dute lan-baldintzak hobetuz. Partzuergoan sartzea da gure ideia baina ez edonolako baldintzetan. Amaitzeko, Kontseilu eskolarra eratu nahi dugu baina mapa eskolarra eratzea ez dagokigu guri eta gaiak arduratzen gaituen arren, ezin genezake askorik egin” izan zen Mujikaren erantzuna.•