Udako hilabeteak Lasarte-Oriako harrera familiekin pasa dituzten hamar haurrak etxera itzuli dira. Abuztua amaieran Chernobil ingurutik etorritako bost haurrak abiatu baziren, pasa den asteburu honetan gauza bera egin dute Saharatik etorritako beste bost neska-mutilek.
Chernobil Elkartearen ekimenez, 400 inguru haur iritsi ziren Euskal Herrira joan den ekainean oraindik erradioaktibitateak kutsatutako ingurutik eta horietako bost Lasarte-Oriara. Halako egonaldiak, anemia, leuzemia eta beste hainbat gaitzei aurre egiten laguntzen die.
Bestalde, Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetatik etorritako bost haur saharauiarrak ere etxera itzuli dira aste honetan. Aurreko urtean egin bezala, Saharako Herriaren Lagunak elkarteak Oporrak Bakean programa antolatu du bigarren urtez Udaren laguntzarekin eta 7 eta 12 urte bitarteko bost haurrek basamortuko berotik urrun igaro ahal izan dituzte udako hilabeteak.
Egonaldiak iraun duen bitartean, osasun errekonozimenduak egiteko aprobetxatu dute; bista eta hortz-aginak begiratu eta txertoak hartu dituzte.
Baina aisiarako eta ongi pasatzeko aukera ere izan dute. Hala nola, igerilekuan, Igeldon eta irlan izan dira.
Aurtengoa igarota, bi ekimenetako antolatzaileak datorren urteko egonaldietan pentsatzen hasiak dira.•