Helduak ere, ikasturte berriari aurre egiteko prest daude

itziar-carrasco 2007ko irailaren 14a

Inoiz ez da berandu ikasten hasteko. Urtero berrehun pertsona baino gehiagok Helduentzako Hezkuntza Iraunkorrean ikasten hastea erabakitzen dute. HHIko eskaintza zabala da: alfabetatze ikastaroak, kultura orokorra garatzeko aukera, hizkuntzak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lortzeko prestaketa, 25 urtetik gorakoentzat unibertsitaterako sarrera froga prestatu... HHIko zuzendaritza taldeko Paloma Redondok eta Belen Seisdedosek Helduentzako Hezkuntza Iraunkorra zertan datza azaldu digute. "Hiru mailatan bereizten ditugu ikasketak: lehena oinarrizkoa da, hau da, historia, geografia, hizkuntza, matematika, kultura orokorreko gaiak lantzen dituzte ikasleek eta hau gaindituta 2.mailara, hobekuntza mailara, pasatzen dira; 3.maila, berriz, DBHko titulua atera nahi dutenentzat edo Unibertsitaterako sarrera froga egin nahi dutenentzat zuzenduta dago". Palomak eta Belenek azaldu digutenez, eskola-graduatu titulua egun ez du baliorik, beraz, ikasten jarraitu ahal izateko beste urte bete egin behar dute Bigarren Hezkuntzakoa eskuratzeko.

Egokitutako hezkuntza
HHIra gerturatzen direnek helburu desberdinak dituzte, baina gehienak kultura orokorra garatzeko joaten dira: "Adineko jendea animatzen da gehien bat, beraz irakasteko orduan kontutan izan behar dira hauen ezaugarriak eta ikasketak hauetara moldatu eta zuzendu".
HHIn ikasteak baditu abantailak: batetik, dohaineko hezkuntza da; bestetik, titulu ofizialak lortu daitezke eta gainera, bakoitzak nahi duen erritmoan ikasi dezake: "Askok ez da ikasten hasten denbora ez dutelako, baina aukera zabala eskaintzen zaie pixkanaka egiteko. Ez dute goiz edo arratsalde oso bat etorri beharrik, ezta egunero ere", dio Palomak, "esan daiteke, bakoitzak bere menua aukeratu eta egin dezakela".

Emakume gehiago
HHIn dauden ikasleen gehiengoa emakumezkoak dira. Baina, azken urteotan gizonezkoak ikasketetara bueltatzea animatu dira Belenek eta Palomak azaldu digutenez. "Uste dugu, gizonezkoek, emakumeak bezala, oinarrizko hezkuntza baten beharra dutela. Baina, ez gara haiengana iristen edo ez dira ausartzen etortzera. Emakumeak gehiago arduratzen dira formazio pertsonalean gizonezkoak baino. Emakumeen jakin nahia handiagoa da. Egia da ere, helduok, orokorrean, ikasterako garaian konplexuz beteta gaudela eta gazteak baino beldur gehiago dugula ikasterakoan. Baina, konturatzen zara ikastea gozamen bat dela".

Ikasleen elkartea
Lan eta Lan, ikasleen elkarteak aurtengo ikasturterako ondorengo ikastaroak antolatu ditu: areto-dantza, pilates, antzerkia, mantenuzko gimnasia eta sabeleko dantza.
HHIn edo Lan eta Lan elkarteak antolatutako ikastaroetan interesa duenak irailean zehar izena eman dezake, Zumaburuko eskolan bertan edo 943366608 telefonora deituaz.•