“Errausketaren alternatibei azpiegiturak jarri behar zaizkie”

Nerea Eizagirre 2007ko irailaren 14a

Ricardo Ortega Lasarte-Oriako EBko zinegotzia San Marcos Mankomunitateko Batzar Nagusiaren lehendakaritza eskuratu zuen irailak 5ean. Horregatik, ihardun gara berarekin solasean.

Zer moduz San Markos Mankomunitateko lehendakaritza?
Borondatezko kargua da hau, lehendakaria zinegotzia izatea ongi deritzot. Baina egun dugun egoera, errauskailuaren arazoa, kontuan izanda buru hauste handia da.

San Markos Mankomunitatearen Batzar Nagusian errauskailuaren aurkako taldeak zaudete orain. Zertan aldatuko da kudeaketa?
Planteamendu berria dugu, San Markosen gehiengoa lortu baitugu. Badakigu gauzak ezin direla egun batetik bestera aldatu, baina murrizketa, birziklapena, konpost egiteari bidea egin nahi dugu, baita hondakinen bilketa sistema hobetu ere. Honetarako aurrera pausuak eman behar ditugu, jendearen sentsibilizazioa eta aldeko jarrerak landuz.

Birziklapen eta berrerabilera sistema mantenduko duzue beraz?
Orain artean egin dena ez dago gaizki. Norabide horretan joan diren neurriak ez ditugu aldatuko eta gure esku dagoena egingo dugu hauek bultzatzeko.
Esate baterako, bigarren eskuko merkatuak urtean behin egin beharren, aldiro egitea pentsatzen ari gara. Hernanin astero egiten hasi dira eta esperientzia nolakoa den ikusi behar dugu. Hala ere, hau tanta bat besterik ez da.

San Markoseko aldaketak Gipuzkoako Hondakin Planean eraginik izango al du?
Hori ikusteko dago. Aurreko legealdiaren bukaeran, Mankomunitateek eta Foru Aldundiak hitzarmena sinatu zuten eta Partzuergoari hasiera eman zitzaion. Era honetan, errauskailuaren aldeko estruktura ezarri zen, Donostialdea eta Foruaren oniritziz.
Egun, Partzuergoan zer gertatu zai gaude. Beste Mankomunitateek ordezkaritzak hautatu behar dituzte eta Aldundiak zein paper jorratu behar duen ikusi beharko dugu.
Hala ere, orain arteko eskema berraztertu, osatu eta hobetu behar dela uste dugu.

Eta, era honetan, errausketa ekidin, ezta?
Hala da. Guk errausketarik gabeko eszenatokia nahi dugu. Honela, gure programa alternatiba hoberena delakoan gaude. Baina Partzuergoan bakoitzak berera egingo duela argi dago eta errausketa planak aurrera egin dezake.
Hau burutu bitartean, alternatibei azpiegiturak jartzen hasi beharko da. Eta horretarako, hondakin murrizketa, birziklapena, berrerabilera eta konpost egitearen aldeko gutxieneko adostasun batera iristea espero dugu.
Baina edozein sistema hartzen dela ere, zaborraren prozesamenduaren ostean hondakina sortuko da. Gure proposamenean hau inerte, hau da, kutsatzen ez duen material bilakatuko litzateke eta biltegietan gorde. Baina, errausketaren hondakin kutsagarria non sartu behar da?

San Markoseko zabortegia ixterakoan zer gertatuko da?
Batzuk besteen kontra ari bagara ezin da ezer egin. Beraz, hitz egin beharko da.•