Santos Uribe 10. Beteranoen Munduko Txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2007ko irailaren 14a

Irailaren 4ean hasi eta bihar bukatzen den XVII. Beteranoen Munduko Txapelketan, Lasarte-Oriak ordezkaritza izan du. Santos Uribe eta Joxean Alberdi atleta lasarteoriatarrak Andoaingo Zumeatarrak Riccionera, Italiara, bidali duen kirolari taldearen partaide izan dira.

Txapelketaren lehenengo jardunaldian, Joxean Alberdik kroseko lasterketan parte hartu behar zuen, baina euri jasa izugarri batek lasterketa bertan behera utzi eta data aldatzera behartu zituen antolatzaileak. Aldaketa, asteartetik irailak 8 larunbatera, ez zen Joxeanen nahien mesederako izan, egun horretan hegazkina hartu behar baitzuen. Honela, lasterketan parte hartu gabe bueltatu behar izan da.

Santosen hamargarren postua
Santos Uribek, berriz, 5 km. martxa pista proban hamargarren postua eskuratu zuen 70 urte gaineko mailan. 41 korrikalari izan ziren irailaren 5ean burutu zen lasterketan eta Uribek aipatu digunez,"esperientzia ona izan da Txapelketara joatea. 8 hoberenen artean egotea espero nuen, baina hamargarren iritsi nintzen". 73 urte dituen atletak 70 urtekoekin egon zen lehian eta adin aldea oso nabarmena dela onartu digu, baita urteak egin ahala, gehiago kostatzen zaiola ere. Hala ere, martxa egiten jarraitu duela esan digu.•