Autorik gabeko egunaren harira, Lasarte-Oriako Kirolen Udal Zerbitzuak indoor txirrindularitza saioa antolatu du irailaren 22rako. Saioa arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta ordu eta erdiz ariko dira. Eguraldia lagun bada Okendo plazan izango da eta eguraldi txarra eginaz gero, Michelingo frontoian antolatuko lukete.
Karlos Altuna kiroldegiko gerenteak adierazi digunez, "bizikletaren erabilpena sustatu nahi dugu ekintza honekin eta autorik gabeko eguna aproposa iruditu zaigu". Orotara 50 bizikleta jarriko dituzte eta, hortaz, plazak mugatuak dira. Gipuzkoa osotik jendea etortzea espero dutenez, "interesa dutenei, ahalik eta azkarren izena ematea aholkatzen diegu, izena emateko epea zabalik baitago dagoeneko". Horretarako eta informazio gehiago eskuratzeko, kiroldegira jo edo 943376182 telefonora deitu behar da.
Aipatu ekintza 16 urtetik gorakoentzat antolatu dute eta bi euro (hiru euro bazkide ez direnak) ordaindu behar dira izena emateko unean. Saioaren amaieran, kirol materialaren zozketa egingo dute parte hartzaileen artean.
Bestalde, Artelatzekin elkarlanean haurrentzako ginkana eta jolasak antolatuko dituzte.•