Hondakin zeroaren alde elkarlanean

Nerea Eizagirre 2007ko irailaren 14a

Ekologistak Martxan GAIA errausketaren kontrako eta alternatiben aldeko aliantzaren Batzar Internazionala antolatu du Hondarribiko Juan Sebastian Elkano aterpetxean irailaren 15, 16, 17 eta 18an.
Bi urtetan behin burutzen den batzar honetan GAIA osatzen duten elkarteek hondakinen kudeaketari eta errausketaren alternatibei buruzko esperientziak elkar banatzen dituzte hitzaldien edo bileren bidez.
Honela, mundu mailako 150 aditu, ikertzaile eta ekologista espero dituzte Hondarribian. Ainhoa Ortega, Batzarraren koordinatzaileak jakin arazi digunez, aterpetxea beteko dute lau kontinenteetako jendea baitator Hondarribira.
Baina edizio honetan, azpimarratzekoa da GAIAko kideentzat ez ezik, errausketari eta bere alternatibei buruz interesa duten guztiontzat hitzaldi batzuk irekiak izango dira.

Zer da GAIA?
GAIA irabazi asmorik gabeko nazioarteko sarea da. Bere helburua hondakinen errausketa mota guztiak baztertzea da eta, aldi berean, Ekoizpen Garbia, Hondakin Zeroa eta nazioarteko ingurugiro-justizia sustatzea. Erakundean 80 bat nazioetako 500 elkarte inguru hartzen dute parte, hala nola, osasun publikoaren defendatzaileak, herritar erakundeak edo politika eta ikerkuntza institutuak.

Hondakin Zeroa eta Ekoizpen Garbia
Hondakin Zeroa hondakinak desager araztean, materialen kopurua eta toxikotasuna murriztean, eta hondakinak berrerabiltzea, birziklatzea edo konpostatzean datza.
Ekoizpen Garbia, berriz, ontzien materialen biziaren analisia egitean datza. Honi esker, produktuak eta bere produkzio prozesuak era ekologikoan diseinatzen dira, hondakin toxikoak murriztu eta energien eta material berriztagarrien zentzuzko erabilera bultzatuaz.

Hondarribiko Batzarra
"Euskal Herrian errausketaren aurka sortutako mobilizazioek GAIAri deigarri gertatu zitzaion eta, horregatik, gurekin jarri ziren harremanetan", esan digu Ainhoak.
Gainera, alianzarentzat elkarte europarrek elkar ezagutu eta errauskailuen aldeko politikei aurre egiteko eztabaida gune bat antolatzea garrantzitsua da. Hau guztiagatik, herri mailako arazoak eta estrategia arrakastatsuak aztergai izango dira kongresuan eta gure herrialdean estrategia horiek erabiltzeko aukera ere aztertuko da.
Baina hasieran esan bezala, GAIAko batzarrak bi programa izango ditu: batetik GAIAko elkarteentzako hitzaldiak eta bilerak eta bestetik hitzaldi irekiak.
Azken hauek irailaren 15 eguerdi, 17 arratsalde eta 18 goizean antolatu dituzte eta gaiak honako hauek izango dira: Hondakinen erabilera eta errausketaren egoera Gipuzkoan, Estrategia arrakastatsuak, Estalitako erraustegiak, Hondakin solidoak murrizten: konposta eta ontziak eta Errausketak osasunean dituen eraginak.
Ainhoaren aburuz hitzaldiak interesgarriak izanteaz gain, errausketaren ondorioak eta alternatibak hobeto ulertzeko balioko du. Honela, gaia hauen berri jakin nahi dutenek ateak zabalik izango dituztela aipatu digu.

Antolakuntza
Ekologistak Martxan Argentinako GAIAko koordinatzailea eta Estatuko Ecologistas en acción izan ditu lagun antolakuntza honetan, aipatu digu Ainhoa Ortegak.
"Hiruzpalau hilabete daramatzagu guztia antolatzen. Uztailean egitea pentsatu genuen, baina hilabete eta erdian ezin genuen guztia antolatu: aterpetxea bilatu, jendearekin harremanetan jarri, bisak lortu, etab." esan digu Ainhoak.
Eta azken honek, bisa lortzeak, eman die arazo gehien. "Indiako bisak bideratzeko denbora asko behar izan dugu eta Sri Lankako aditu batek aterpetxearen ostatu emate frogagiria behar zuen bisa lortzeko eta aterpetxea eta gu zoratu gintuen agiria lortzeko", jakin arazi digubatzarraren koordinatzaileak.
Honetaz gain, bolondresak ere izango dituztela esan digu Ainhoak, Madrileko itzultzaile eskola bateko ikasleak. Elkartruke antzekoa dela azaldu digu,"Itzultzaileak behar ditugu eta aurrekontua ez da oso handia. Beraz, guk bidaia eta egonaldia ordaintzen diegu eta haiek praktikak egiten dituzte."

Ekologistak martxan ekintzak
GAIAren Batzar Nagusia antolatzeaz gain, elkarteak herriko plataformetan lan egiten eta kaleko ekintzak sustatzen jarraituko du.
Estropada egunean, giza katea antolatu zuten Kontxako hondartzan. Ainhoak azaldu digunez, "lau urte daramatzagu ekintza hau antolatzen eta kurtso hasierako ekintza dela esan genezake."
Batzarraren ostean, Hondakin Zeroa, esperientziak munduan zehar hitzaldia antolatu dute irailaren 19an Ernest Lluch kultur etxean. Eta aurrera begira, urriak 28an, Lasarte-Oriako Krossean parte hartu nahi dute errauskailuaren gaia ahantzi ez dadin.•