Aspaldiko ofizioa kirol bilakatuta

Txintxarri Aldizkaria 2007ko irailaren 17a

Illarraltzueta hilerri ondoko Arkaitzpe baserriko zelaian jokatu zen larunbat arratsaldean II. Sega Elkartasun Jaialdia eta eguraldia lagun, 600 pertsona inguruk segalarien lanarekin gozatu zuten.
Larunbateko saioan, bederatzi bikote mistok la probei eutsi behar izan zieten eta lau proben amaieran puntu gehien pilatu zituen bikoteak eraman zuen garaipena. Eta erregulartasun handien erakutsi zuen bikotea, Maria Luisa Gabirondok eta Julen Etxebarriak osatutakoa izan zen. Hauek, laugarren eta azken proban, hots, abiaduran lortutako lehen postuari esker erdietsi zuten garaipena. Bigarren postuan, Ainhoa Ansa eta Garikoitz Etxeberria sailkatu ziren. Euren atzetik, Ixabel Ansa eta Joxe Gabirondo.

Lau proba
Baina arestian aipatu bezala, lau proba izan zituzten jokoan. Saioari hasiera eman ziona, “ofizio abilezia” deritzona da. Proba honetan, Ixabel Ansa-Jose Gabirondo bikotea izan zen trebeena.
“Kuadroan”, Jurre Olano eta eta jon Lapazaran bikotea gailendu zen. “Pixuka” edo “Jatena” deritzon proban, Arrate Garin eta Jon Kanflanka izan ziren nagusi. Azpimarragarria bikote honek egindako lana, antolatzaileek 82 kg. eskatu baizituzten eta irabazleek eskatutako pisua zehatz-mehatz bildu baitzuten.
Laugarren eta azken proban, “Abiaduran” Maria Luisa Gabirondo eta Julen Etxebarria izan ziren azarrenak.
Saioak luze jo zuen, hiru ordutik gora eta indarrak berreskuratzeko, Elutxeta sagardotegian afaldu zuten guztiek elkarrekin. Sarretan bildutako dirua Milaka Bilaka proiektura bideratuko dute antolatzaileek.•