“Kirol honetan aurrera egiteko, kanpora atera beharra dago”

Txintxarri Aldizkaria 2007ko irailaren 17a

Bihar hasi eta igandea bitartean Brasilen jokatuko den Munduko txapelketa ilusioz gainezka prestatzen harrapatu dugu Foz do Iguazun, bertako kanalak eta ur korronteak ezagutzen. Ur Bizietako Slalom proban hartuko du parte eta datorren urtean Txinan jokatuko diren Joko Olinpikoetarako sailkapena poltsikoan duela itzuli nahi du etxera Espainiako sei txapelketa irabaziak dituen piraguista.

Maialen Chourraut garaipenak erdiesten ohitua dago, baina oso argi du entrenamenduetako sakrifizioak eman dizkiola kirolean lortu dituen arrakasta handiak. Aspaldiko urtetan Estatuko piraguista onena da Ur Bizietako Slalomean eta bere maila nazioarteko kirolariekin neurtuko du egunotan Brasilgo Munduko Txapelketan. Espainiako txapelketetan lortutako garaipenaz ere aritu gara berarekin, baita datorren urteko Joko Olinpikoetaz.
Espainiako 3 titulu irabazi dituzu 8 egunetan eta 7. urtez jarraian Espainiako Txapelketa.
Espainiako bi txapelketa junior irabazi ditut eta juniorretako azken urtean absolutua ere irabazi nuen. Beraz, 2 junior eta 6 absolutu irabazi ditut. 2005. urtean ez nuen parte hartu, astebete lehenago Europako Txapelketan sorbalda atera nuelako eta operatu egin behar ninduten. Gainera, aurten Espainiako Ibai Jaitsiera Txapelketan partehartzera animatu nintzen. Aste bat lehenago piraguarekin saiakera batzuk egin nituen eta Leongo Sabero herrira joan nintzen Esla ibaian Espainiako Txapelketako 2 lasterketa egitera: Sprint-a (800 m.) eta Klasikoa (8 Km.).

Ongi atera al zen?
Piragua hauetan ez dut teknika handirik, baino ibaiaren mugimenduak ondo ezagunak ditudanez eta Slalomerako entrenamenduengatik arraun indartsua dudanez, bi probak irabazi nituen. Halere, esan beharra dago, ibai jaitsierak maila nahiko baxua duela momentu honetan eta ez zitzaidala oso zaila egin irabaztea.

Mundialetarako plaza lortu duzu. Noiz eta non jokatzen dira?
Irailaren 18tik 23-ra Foz do Iguaçu-n jokatzen dira, Brasilen. Orain bertan aurkitzen naiz kanala ezagutzen. Mundial hauek oso garrantzitsuak dira niretzat, bertan jokatzen baitira Estatuentzat banatzen diren plaza olinpikoak.

Zein da zure helburua txapelketa honetan?
Txinako olinpiadetarako plaza olinpikoa lortzea. Hemen lortu ezean gero oso zaila baita lortzea. Repeska bat egongo litzateke datorren urteko Europako Txapelketan, baina plaza bat edo bi bakarrik egongo lirateke jokoan.

Zenbat eta nolako entrenamenduak egiten dituzu?
Ekipo Nazionaleko kidea izatean, urteko plan bat dugu. Astean 12 sesio ditugu gutxi gora behera, eta astearen intentsitatearen arabera karga handiagoa edo txikiagoa izaten dugu. Mota guztietako entrenamenduak egiten ditugu, indarra, teknika eta psikologia artean oreka on bat bilatu behar baitugu. Beraz, gimnasioan eta ur bizi, zein geldian entrenatzen dugu. Hilabetean behin edo bitan, psikologoarekin lan pixka bat ere egiten dut. Honetaz gain, hilero 2-3 aste kontzentratuak egoten gara, Seo de Urgel-en gehienbat.

Mundiala prestatzeko entrenamenduak gogorragoak al dira?
Urte guztiko entrenamendua, mundialari begira jarriak dira eta mundiala amaitzean bukatuko ditugu. Bai fisikoki eta bai mentalki oso gogorrak izan ohi dira. Baina nahiz eta gogorrak izan, asko disfrutatzen dut beraietan. Badaude egunak non gauzak ez diren ateratzen nahi bezala, baina egun horiek etortzen diren bezala, joan egiten dira. Hala ere, gogorragoak dira negu gorriko hotz jasanezina, non askotan piraguan ibili ahal izateko izotz plaka hautsi behar dugun, edo furgonetan edo aireportuetan piraguak eta palekin igaro ditugun ordu luzeak. Urtearen hiru laurdenak baino gehiago etxetik kanpo pasatzen dut. Seo de Urgelen, Lleidako pirineoetan egiten dut gehiena, bertan aurkitzen baita Bartzelona 92.rako slalomerako prestatu zuten kanal artifiziala. Norbaitek kirol honetan hobetu nahi badu, Euskal Herritik kanpora atera behar du nahi eta nahiez.

Zure burua Txinako Olimpiadetan ikusten al duzu?
Horretarako ari naiz entrenatzen baina, lehenik eta behin, orain gainean dudan Mundiala ondo egin behar dut eta plaza olinpikoa lortu. Ondoren, selekzio probetan onena izan. Pausu horiek betez gero, Olinpiadetan izango naiz, bestela ez. Eguneroko lanean sinisten dut eta nahiago dut pausuz pausu joan. Gaur gaurkoa eta bihar biharkoa.•