Jon Arozena eta Inma Rafael, Euskadiko Duatloi txapeldun berriak

Txintxarri Aldizkaria 2007ko irailaren 17a

Jon Arozena gizonezkoetan eta Inma Rafael emakumezkoetan dira Euskadiko Mendi Duatloiko txapeldun berriak. Lasterketa, Madrilen jaio eta Gernikako Kebi Sport taldearen elastikoa defendatzen duen Javi Garciak irabazi zuen baina Federazioak ez dio txapela eman “Euskadin erroldatutakoa den kostantzarik” ez duelako.

Iaz ez bezala, Lasarte-Oriako II Duatloi Krosa eguzkipean jokatu zen larunbatean. 69 izan ziren izena emandakoak baina 56 baino ez parte hartu zutenak. Guztietan azkarrena Javi Garcia (1:35:48) izan zen. Bost urtez jarraian Espainiako txapelduna eta 2005 urtean Munduko Kopan nagusitu zen madrildarrak bizikleta proban ateratako aldeari eutsi zion lasterka egin beharreko azken 3,8 kilometrotan. Bere atzetik, iazko garaile izandako Jon Arozena (1:36:50) sailkatu zen. Honek, gainera, Euskadiko txapela jantzi zuen Javi Garciak Gernikan erroldatua dagoela frogatzerik izan ez zuelako. Hirugarren sailkatua Mitxel Aginaga (1:38:50) izan zen.
Emakumezkoen mailan, hiru izan ziren partehartzaileak baina soilik Inma Rafaelek amaitu zuen proba (2:05:00). Bera da, hortaz, Euskadiko txapelduna bigarren urtez jarraian.

Lasarteoriatarrak
Baina horiek lasterketako emaitza dira. Euskadiko txapelketari dagozkionak (kontutan hartu behar da Euskal Herritik kanpo etorritakoak ere izan zirela) Jon Arozena izan zen nagusi, jon Erguin bigarrena eta Jon Aperribai hirugarrena. 23 urtez azpikoen mailan Eduardo Benito (1:52:15) nagusitu zen.
Herrikoen artean, Iñaki Fernandez (2:01:00) izan zen onena Iker Juanena juniorraren eta David monteroren aurretik. Aipatu hirurek lortutako postuei esker, gainera, Lasarte Igeri Taldeak bigarren postua eskuratu zuen taldekako sailkapenean Deba Goieneko Antxintxiketan taldearen atzetik.
Azpimarragarria, Iker Juanena Euskadiko junior onena izan zela.
Partehartzaileen esanetan, ibilbidea gogorra egin zitzaien eta bizikletarekin egin beharreko zirkuitua oso teknikoa zela azpimarratu zuten.
Aurtengo edizioa amaitzeko, sari banaketa izan zen. Bertan, Endika Garzia eta Andoni Illarramendi antolatzaileekin batera, Euskadiko Federazioko lehendaari Xabier Oñaederra eta Jesus Zaballos, Martin Moreno, Fernando Eskoriaza eta Marisa Zubiri Udal ordezkariak izan ziren.•