Bi lasarteoriatar Donostiako 55.Nazioarteko Zinemaldian

itziar-carrasco 2007ko irailaren 17a

Ane Arteaga Produkzio buru eta erregidorea “Komertzialak ez diren pelikuletan lana egitea nahiago dut, tontakeri gutxiago dago eta”

Ane Arteaga produkzio buru eta erregidore lanak egiten ditu zinean. Bederatzi urte eta hainbat pelikuletan lana egin du. Aste honetan Donostiako Zinemaldian Anek lana egin duen hiru pelikula ikus gai izango dira: La soledad, La línea recta eta La sombra de nadie. Lasarteoriatarrarekin zinemagintzari buruz hitz egin dugu.

Zertan datza zure lana?
Aurrekontu bat daukat eta horrekin grabaziorako behar diren gauza guztiak lortu behar ditut: teknikariek behar duten materiala, azpiegiturako materiala, atrezzoko gauza txikiak... Zaila da 50. edo 60. hamarkadan girotutako pelikula baldin bada. Kotxeak, autobusak, etxe bateko dekorazioa... Garai hartako gauzak lortzea zaila da.

Zein pelikula dituzu buruan?
Duela 9 urte nire lehengo pelikulan lana egin nuen, Jone sube al cielo. Aupa Etxebesten erregidore lanak egin nituen. eta kariño berezia diot honi. Cuban ikasten egon nintzen eta ikaskideekin pelikula bat egin genuen: Las horas del día. Baldintza txarretan egin genuen baina Cannesen nominatua egon zen errealizadore berrietarako. Aurreko udaran beste bat egin genuen aurtengo zinemaldian botako dutena, La soledad. Okendo Zinema taldekoei gustatzen zaien zine motan lana egitea gustatzen zait.

Okendo ZTko kidea izan zinen, zergatik desagertu zen taldea?
Udalarentzat Okendo Zinema Taldeak egiten zuen programazioa ez zen errentagarria eta udala ez zegoen prest zulo hori bere egiteko. Momentu horretan taldeak desagertzea erabaki zuen. Pena bat da, egun eta hemen zine ez komertziala ikusteko aukera bakarra Trueba eta Zinemaldia baitira.

Zein zuzendarirekin gustatuko litzaizuke lana egitea?
Caotica Ana ikusi berri daukat, pro Julio Meden naiz. Produkzioan edo dekorazioan lana egingo nuke berarekin. Tipoa oso berezia da eta dena asko zaintzen du. Lan egin dudan zuzendariekin errepikatuko nuke: Telmo eta Kixi edo Pedro Costa.

Zinemaldian zuk lana egindako hiru pelikula ikusi ahal izango dira. Urduri al zaude?
Pablo Malon La sombra de nadie, La línea recta Jose Maria de Orbek zuzenduta eta La soledad Jaime Rosales zuzenduta. Azken hau Cannesen egon da nominatua, baina ez du ezer irabazi. Urduri nago oraindik La soledad ikusteko aukerarik ez dudalako izan, eta gogoa daukat ikusteko. Pelikula oso bereziak dira eta uste dut askori ez zaiela gustatuko, ez dute zer ikusirik zine komertzialarekin.

Zinemagintza barrutik ezagutzen duzula, zer deritzozu glamurrari buruz?
Glamurra baino dibismoa dago eta ez zait batere gustatzen. Tontakeri gehiegi dute, batez ere aktore ezagunek. Adibidez, batzuek karabana behar dute grabazio lekuan, edo deitzen dizute hoteleko leihotik eguzkia sartzen delako eta produkziokoek joan behar dute hori estaltzera... Guzti honen beste aldean Juanjo Ballesta dago.

Euskal aktoreen artean gehiegikeriak ikusi al dituzu?
Hemengo aktoreak askoz ere lasaiagoak dira. Komertzialak ez diren pelikuletan lana egitea nahiago dut tontakeri gutxiago dago eta.

Euskal zinemagintza nola ikusten duzu?
Uste dut, oraindik euskal zinemagintzaz ezin dela hitz egin. Euskal Herrian ezin da pelikula bat hasieratik bukaeraraino egin: negatiboak kanpoan erosi behar dira, errebelatzera Madrilera edo Bartzelonara bidali behar da... Teknikoak egon badaude baina baliabideak gutxi. Lehen eta behin pelikula bat egiteko dirua behar da eta hori ere gutxi dago, beti Madrilgo dirulaguntzen menpe gaude. Ez dago zine industriarik. Euskal zinemagintzaz baino Euskal Herrian egindako zinemaz hitz egingo nuke.

Maria Cristinako sarreran autografoak eta argazkiak eskatzen ikusiko al zaitugu?
Ez,ez. Jende ezagunarekin lana egin dudanean ez dut inoiz autografo bat eskatu, lotsa ematen dit. Niretzako lankide bat gehiago dira, besterik ez.•