Esther Fernandino duela hamabi urte Donostiako Zinemaldian praktikak egiten hasi zen eta geroztik urtero hamar egun opor hartzen ditu zinemaldian lana egiteko. Urte asko Anoetako Belodromoan aritu da, baina azken edizioetan sekzio bateko arduraduna izatea egokitu zaio. Honen guztiaren inguruan aritu gara lasarteoriatarrarekin solasean.
Zinemaldian zein da zure ardura?
Nire lana saileko pelikulak iristen direnetik azkeneko ikuslea joan arte eman beharreko urratsak kontrolatzea da. Lehenik eta behin, muntaian arazorik eduki dituzten edo ez ziurtatzea da. Horretarako muntatzaileekin biltzen gara eta pelikularekin egon daitezken arazoak aztertzen ditugu: pelikularen egoera aztertu, zikina dagoen ala ez, proiekzio erdian mozteko probabilitateak dauden ala ez…
Eta pelikula zine aretoan dagoenean?
Pelikula dagokion zine aretora dagoenean, proiekzioko arduradunarekin hitz egin behar dut pelikularen ezaugarriak ezagutzeko: ea azpitituluak dituen, ea ondo entzuten den, babesleen iragarkiak dauden ala ez eta pelikula bere orduan hasiko dela arduratzen naiz. Behin pelikula hasita, publikoaren jarrera aztertu behar dut eta azkenik, pelikula bukatzean, informea bidaltzearekin lana bukatutzat eman dezaket.
Aurten zein sekzioetaz egokitu zaizu arduratzeaz?
Sukar izoztua, Eskandinabian produzitutako pelikulak ikusiko ditut.
Zenbat pelikula ikusi behar dituzu?
Zikloan eskainiko diren pelikula guztiak ikusi behar ditut, behintzat lehengo paseak. Beraz, egunero nire zikloko hiru bat pelikula ikusten ditut eta ahal izanez gero beste sailetako pelikularen bat ikusten saiatzen naiz.
Pase guztiak ikusteko denborarik al daukazu?
Nik bakarrik ezin izango nuke egin. Zinemaldiak zine eskolekin harremanetan dago eta urtero laguntzaileak izanten ditugu. Nik lehenengo pasea ikusten dut, informea pasatzen diet eta beraiek hurrengoak ikusten dituzte.
Garai batean zu joaten zinen Anoetara pelikulak ikustera. Gauzak asko aldatu al dira?
Egungo haurrek duten pelikulekiko jarrera zeharo aldatu da. Ikastolarekin belodromora joaten ginen garaian, zinera joateko aukerak gutxi genuen, egun, dvd-arekin edota zinera joateko dauden aukerarekin gauzak aldatu egin dira. Haur asko ilusio gabe joaten dira, ikusita dutelako edo. Gu,berriz, izugarrizko ilusioarekin joaten ginen Anoetara. Belodromoan helduentzako estreinaldiak ere badaude, "eraman itzazu gurasoak zinera" sailaren barruan. Batzutan helduekin tratatzea astunagoa egiten zitzaigula onartu behar dut.
Zikloetako esperientzia?
Orain dela bi urte hasi nintzen zikloetako atalean lana egiten. Lehenengo urtean "Rebeldes e Insumisas" zikloa egin nuen, oso interesgarria, baita gogorra ere. Halere, bigarren urteko zikloa askoz ere gogorragoa izan zela onartu behar dut: emigranteen inguruko zikloa. Egia esan, nahiko ukituta ateratzen nintzen pelikuletatik. Hurrengo bi hilabetetan Hollywood-eko azaleko superprodukzioak ikusiko nituela erabaki nuen!
Zinemaldian lanean hasi zinanetik ikusleak asko aldatu al dira?
Egun jende gehiago joaten da, eta ikusle mota anitza da, hori da gehien gustatzen zaidana. Sail bakoitzak bere publiko mota duela iruditzen zait, ziklo klasikoan adibidez, urtero errepikatzen dutenak daude eta elkar ezagutzen direnez, giro oso ona egoten da.
Zure sekzioko zein pelikula gomendatuko zeniguke?
Ez naiz ausartzen pelikula bakarra aukeratzen, baina asteburu honetan "Pusher, un paseo por las nubes" ikusi dut eta ikusi behar behar diren horietakoa dela uste dut. Erritmo ona eta azkarra du.
Zein pelikula uste duzu irabaziko duela urrezko maskorra?
Irailaren 29ra arte itxoin beharko dugu jakiteko!•