Euskara Zerbitzuek 2007-2008rako jarduerak aurkeztu berri dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2007ko irailaren 17a

Buruntzaldeako Euskara Zerbitzuek 16 urtetik beherakoentzat 2007-2008 ikasturteko aisiako gida aurkeztu dute. Bertan Lasarte-Oriak, zein Buruntzaldeako beste herriek urtean zehar gaztetxoentzat euskaraz eskaintzen dituzten jarduera eta zerbitzuei berri ematen dute.

Mekanografia, informatika eskolak, bertsolaritza edo antzerkia. Jarduera edozein dela ere, euskaraz izatea nahi baldin baduzu, hona hemen erantzuna. Buruntzaldeako 16 urtetik beherakoentzat aisiako gida. Bertan gure herrialdeko udalek eskaintzen dituzten ekintzei buruzko datuak izango dituzu, hala nola, kokalekua, hasiera data edo jarduerari buruzko argibideak non aurki daitezkeen.
Gida 16 urte baino gutxiago duten etxeetara bidali da eta iritsi ez bada, lasai aurki izango baituzue etxean.

Begirale ikastaroa
Bestetik, Buruntzaldeako udalek 2007/2008 aisialdirako begirale ikastaroa antolatu dute.
Ikastaro teorikoak 200 orduko iraupena izango du eta saioak Hernanin egingo dira, urritik maiatzera hilero bi edo hiru larunbatetan.
Atal praktikoa, berriz, 120 ordukoa izango da eta norberak bilatu beharko du non egin praktikak.
Interesatuek ezinbesteko baldintzak bete behar dituzte izen emateko, 18 urte beteta izan eta euskaldun izatea. Izen ematea Buruntzaldeako udaletako euskara zerbitzuetan egin daiteke irailaren 10tik 28ra bitartean.
Ikasle kopurua mugatua da eta matrikularen dataren arabera osatuko da taldea. Hala ere, Buruntzaldeako herritarrek izango dute lehentasuna.
Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu Hernaniko Euskara Zerbitzuko 943 337 029 telefonora.•