Musika jaialdia euskararen alde

Txintxarri Aldizkaria 2007ko irailaren 17a

Landaberri Ikastolak Oztibarreko Ikastolarekin eta Manex Erdozaintzi-Etxart Kolegioarekin duen senidetzearen harira, datorren larunbaterako hilak 22, Landa milaka pago... eta euskara biziago! musika jaialdia antolatu du Landaberri Ikastolako Guraso Elkarteak Lasarte-Oriako Udalaren eta Usurbilgo Nafartarrak Elkartearen laguntzaz.
Nafarroa-Beherean berriki eraiki dutuzten Oztibarreko Ikastola eta Kolegioari elkartasuna adieraztearekin batera, “borondatezko partehartzearekin, euskarari eta euskal kulturari bultzada bat ematea da jaialdiaren xede nagusia” kontatu digu guraso elkarteko Maite Goizuetak.

Tapia, Ducau eta Philips
Iluntzeko 22:30etik aurrera Manuel Lekuona Kultur Etxean ospatuko den jaialdian, Joseba Tapia, Michel Ducau (Errobi, Zaldibobo...) eta Caroline Philips (euskaraz abesten duen estatubatuarra), Lasarte-Oriako Amalur Trikitilari Eskolako ikasleak Jon Lasa buru, Baigorri Kantuz taldea eta Usurbilgo txalapartariak izango dira. Sarrera doakoa izango da baina laguntza bonoak jarriko dituzte salgai.•