Lasarte-Oriatik Afrikara, hegaldi luzea

Nerea Eizagirre 2007ko irailaren 17a

2004 urtetik Aranzadiko biologoek eraztunak jartzen dizkiete Gipuzkoakora iristen diren enarei. Ekintza Europa mailako proiektu baten barruan kokatzen da. Helburua Europako enaren ibilbide migratzailea, ernalkuntzaren biologia, populazio konparaketa eta espeziaren desagerpenari buruzko datuak jasotzea da.

Irailaren lehenengo astean Aranzadiko Jon Etxezarreta y Eneko Díez kideek Froilan Elespe parkeko kanaberadian dauden enarei eraztunak jartzen egon ziren.
Biologoek Jose Ignacio bolondresaren laguntzaz, sarea ezarri, karranka hotsa duen erakargailua piztu, enarak izutzen dituzte.Sarean itsatsirik geratzen diren txoriak, kutxatan sartu eta gerora eraztunak jartzen dizkiete.
Eraztunak ezarri den lekua, data eta Aranzadiren erreferentzia du idatzia. Etxezarretak esan digunez, "Afrikara iritsi eta norbaitek eraztundun enara bat aurkitzen badu, herriko buruari jakin arazi beharko lioke. Ondoren, misiolari espainiar batekin edo Gobernuarekin harremanetan jarri eta hauek guri informazioa bidaliko ligukete”.

Afrikara bidea
Txori multzo hau, 25.000 inguru Etxezarretaren kalkuluen arabera, Gipuzkoako hainbat herrietatik datozen enarez osatua dago. Jonek aipatzen duen bezala, "ez doaz urrunago, hemen bost izarreko logela aurkitu baitute Lasarte-Orian".
Enara hauek bapo gizendu dira Afrikarako bidai prestatu nahian. 6.000 bat kilometro egin beharko dituzte, Lasarte-Oriatik Guineara eta, garrantzitsua da biderako erreserba izatea. Jon Etxezarretak argi azaldu du: "Aurki ekingo diote Afrikarako bideari eta garrantzitsua da enarek beharrezko koipea izatea. Koipe honekin hegan egiteko indarra lortzeaz gain, metodo organikoa baten bidez beharrezkoa duten ura ere eskuratzen dute."•