Landaberriko Antzerki Eskolak VI. ikasturteari hasiera emango dio laster. Orain artean antzerkiaz gain dantza garaikidea egiteko aukera eskaintzen zuen eskolak, baina aurtengoan eskaintza berri batekin aurkeztu dira antolatzaileak, gorputza lantzeko tailerra: “gure gorputzaz kontziente izateko eta erlaxatzeko hainbat teknika erabiliko ditugu”, dio Maider Oiartzabalek, “interesa dutenei 627470530 telefono zenbakian argibide guztiak emango zaizkie”.
Adin guztierako eskaintza
Joxerra Fachado eta Mertxe Rodriguez arduratuko dira helduentzako antzerkiaz eta Maider Oiartzabal dantza garaikideaz. Landaberriko 6 eta 16 urte bitarteko haurrek ikastolan dantza garaikidea eta antzerkia egiteko aukera izango dute. “Deialdi berezia euskaldun berriei egin nahi diegu, uste dugulako oso aberasgarria dela guztiontzat”, diote antolatzaileek.•