Aste honi begira

I. Arteaga 2007ko irailaren 21a

Errausketarik gabe hirietako hondakiñak bideratzeko esperientzi ugari jaso da Europatik. Klandestinitatean aritu ziren andereñoak, kotizatu gabeko urteen ordaina bidean izango dute. G puntua gipuzkoan ahoz aho ibiliko da. Eta Ibarretxek berriz ere ez ditu hartu presoen senide eta lagunak bisitan joan zaizkionean. Esateko daukatena ongi ezagutzen duelako? Gatazkaren biktima ez direla uste duelako? Presoen lagun eta senideen egoera hain gordina iruditzen ez zaiolako? Ezin asma. Bihurriegia egiten zait azken honen jokaera ulertzea.
Igandean dira, oker ez banago, 19 urte Mikel Kastresana Donostian poliziak tiroz erahil zuela. Honelakoak ezin ahaztuan gelditzen dira memorian itsasita. Batzuenean aixago. Herri honen historia ezagutzeko baliagarri zaigun oroimenean. Batzuetan gai mingarriak saiestu egiten ditugu, eta honekin alboratu benetan sustraiari lotutako gertaerak, kezkak. Horiei leku egiteko entzun gaitezke elkar.
Konta daigutela Luis eta Andresak zenbat desio duten euren semeari gertatutakoa beste inori ez gertatzeko. Seme dituzten herritar presoen eskariekin zenbat pauso eman duten, zenbat emateko prest dauden. Konta daigutela G puntua, bihartik aurrera hartuko dutenek nola dijoakien herrian zaletasuna babesten, bertsoa bizitzen.
Jubilatzear dauden andereñoek 70. hamarkadako Landaberrik altzoan zer gorde duen gaur arte. Zertan laguntzea nahi luketen. Orduan bezain pedagogia askatzaile egiten jarraitzeko, ametsik gordetzen duten. Erraustegiaren aurka aritu den herritar taldeak zenbat aberastu den Hondarribin. Hondakiñak zero filosofia egi bihurtzeko Lasartek zer egin lezakeen. Konta, galdetu, irakurri, egin hitz.