Autorik gabeko eguna larunbatean Okendo Plazan

Txintxarri Aldizkaria 2007ko irailaren 21a

Bihar, larunbata, autorik gabeko eguna ospatzen da eta Lasarte-Oriako Udalak Ingurumeneko, Merkataritzako, Kontsumoko eta Sanitateko Departamentuaren bitartez hainbat jarduera antolatu ditu, Okendo Plazan bihar arratsalderako, 17:00etatik 19:30ak bitartean.

Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea dela eta Lasarte-Oriako Ingurumeneko, Merkataritzako, Kontsumoko eta Sanitateko Departamentuak zenbait jarduera antolatu ditu honen inguruan.
Jardueren helburua “hiriko mugikortasunean eragina izatea da, garraio modu alternatiboak eta ibilgailu pribatuaren erabilera efizientea bultzatuz, bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko”.
Bihar larunbata, autorik gabeko egunean, “jarduera- programa zabala” antolatu dute Okendo Plazan. Haur eta gazteei zuzenduta bizikletaren erabilera eta ezaguera sustatzearren, jolasak eta gymkhana izango dira. Eta mugikortasun iraunkorraren gaiaren inguruko tailer bat ere. Hamasei urtetik gorakoentzat, berriz, Kiroletako Departamentuak indoor ziklismoko proba bat antolatu du. Horretarako, bizikleta estatikoak jarriko dituzte.
Antolatzaileek jakinarazi nahi dute Geltoki Kalea 1 zenbakitik 11.era itxita egongo dela larunbatean. Beraz, “ezingo da ibilgailurik aparkatu Geltoki kaleko tarte horretan, 15:00etatik 20:30ak bitartean. Eta eguraldi txarra eginez gero jarduera horiek udal pilotaleku estalian egingo dira”.

Ibilgailu gehiegi
Lasarte-Orian10.222 ibilgailu matrikulatuta daude momentuz eta urte bukaeran gehiago izango direla jakinarazi du udaltzain buruak, J.M. Iparragirrek: “bi ibilgailu baino gehiago daude etxeko eta hau arazo bat da edozein herrirentzat”, honen harira, “herritarrok kontziente izan behar dugu kotxeak erabiltzeko garaian eta ahal den neurrian garraio publikoan mugitu behar gara”. Aparkamenduen arazoaren inguruan Iparragirrek azpimarratu du arazoari irtenbide bat ematen ez zaion bitartean “garajea duen jendeak ibilgailuak bertan gorde eta kalean lekua utzi beharko lukete”. Autoen erabilera gutxitzeko Udalak web orrialdearen bitartez “Autoan elkarrekin” ekimena martxan jarri zuen. “Autoz antzeko ibilbideak egiten dituzten pertsonei kontaktuan jartzeko bidea ematen die zerbitzuak, betiere automobila konpartitzeko interesaturik badaude”.
Gainera, Energiaren Euskal Erakundearekin elkarlanean, efizienteki gidatzen ikasteko kurtsoak antolatu dira, erregaiaren kontsumoa eta ingurumenaren kutsadura murrizteko eta errepideko arriskuak gutxitzeko helburuarekin. Ikastaroak kultur etxean izango dira, irailaren 29an 16:00etatik 20:00etara eta urriaren 6ean 9:00etatik 13:00etara.•