Udaletxeko Hirigintza Batzordeak, joan den astean hartutako hainbat erabaki jakinarazi ditu. Batetik, Lasarte-Oriako Udalak alegazio berriak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro eta Lurralde Antolaketako Bulegoan, Zubietan eraiki nahi duten errauskailuaren aurka.
Erabaki hori hartzearen arrazoiak azaltzerakoan, arestian aipatu erakundeak errauskailua Zubietan eraikitzeak ingurugiroan izango duen eragin kaltegarria ez duela zehazki neurtu eta hirigintza arrazoiak nagusitu direla salatu du.
Ibaiaren bideratzea
Bestalde, Aldundiko Garapen Jasangarrirako Departamenduan aurkeztutako alegazioen berri eman dute. Bertan, herrian dauden bizikletentzako bidegorriak herri mailako saretzat eta ez foraltzat hartzea eskatzen da, besteak beste.
Azkenik, ibai ertzean eta ibaia bideratzeko Michelingo atzean egingo dituzten lanak esleiteko kontratazio txostena onartu dute. Honen arabera, obra 708.000 eurotan jarriko dute enkantean eta sei hilabetetan amaitua egotea espero dute.•