“Euskara izango da legealdiko ardatz nagusia”

itziar-carrasco 2007ko irailaren 21a

Estitxu Alkorta, Lasarte-Oriako EAJko zinegotzia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko Zuzendari Nagusia izendatu dute.

Zein izango da Aldundiaren euskararekiko lan ildoa?
Kanpora begira, euskara gizarteratzea eta erakunde guztiekin harremanak sendotuz, euskara plazaratzea da helburu nagusia. Beraz, euskara erakargarria egin behar dugu kontsumozko hizkuntza izan dadin. Eta barnera begira, barne eta kanpo harremanetan euskara bermatu behar dugu, euskara lan hizkuntza izan dadin. Legealdi honetan euskara ardatz nagusia izango da, inoiz baino garrantzia gehiago emango zaio.

Gainontzeko arloak baino behar handiagoa ikusten diozuelako?
Euskara da gure ondare handiena. Ez du politika sektorial bat izan behar, baizik eta zeharkako politika bat. Departamendu guztietan eragina izan behar duena, horregatik euskara helburu estrategiko batean egon behar du. Agintariek euskararekiko konpromisoa hartu eta behin hau hartuta transmititzen jakin behar dute. Gure udaletxean, adibidez, euskara zerbitzu eta teknikari oso onak ditugu, baina goitikan ez badator ardura euskararekiko egiten den guztia erdibidean geratzen da.

Zein da euskararen egoera?
Aldundiaren barruan egoera nahiko ona da, baina uste dut euskarari etekin handiagoa atera behar diogula. Euskarak Gipuzkoan du indar gehien, baina askok euskaraz jakin badakite baina ez dute euskaraz hitz egiteko beharra ikusten. Hizkuntza ez bada erabiltzen, galdu egiten da. Beraz, kontsumorako hizkuntza bihurtu behar dugu. Katalunian, adibidez, zinetako karteleretan euskarazko pelikulak ikusi daitezke. Gure asmoa zinean, herri telebistetan, merkataritzan... euskararen presentzia indartzea da. Saiatu behar gara modu natural batean euskara barneratzen.

Erakundeetatik euskara sustatzeko ekimen horretan, eskaintzen dituen dirulaguntzak nahikoak al dira?
Uste dut, dena ez da diru kontua. Ditugun baliabideekin, tresnekin eta dagoen diruarekin guzti honi etekina ateratzen jakin behar diogu. Dirua baino, garrantzitsuagoa da jendea formatzea, gero hauek sortu ahal dezaten. Euskara sustatzeko proiekturik landu al duzue?
Proiektu desberdinak daude, erakargarrienak Mintzola eta Ipupomamua dira. Lehena, Billabonan irekiko den ahozkotasun zentroa izango da: batetik, Xenpelar, bertsolaritza dokumentazio zentroa jasoko du eraikin honek eta bestetik, ahozkotasunaren inguruan ikerketak egingo dira. Ipupomamua ideiaren mentorea Bernardo Atxaga izan da. Aisialdirako proiektu honek gazteria eta haurrei ipuingintza eta antzerkigintzara hurbildu nahi ditu. Kantagintza programa berreskuratu nahi dugu ere. Egitasmo honek musikari euskaldunak sustatu nahi ditu. Euskarazko produktuak digitalizatzeko eta sarean jartzeko programa berri bat sustatzen ari gara...
Aldundiko lana eta udaletxekoa bateragarriak al dira?
Printzipioz ez daukat arazorik eta legez bateragarriak dira. Hasieratik aukera eman zidaten udaletxean oposizioko lanak egiten jarraitzeko, baina Aldundiko lanak lehentasuna izango du.

Noiz erabakitzen duzu politikan hastea?
Aurreko legealdian Lasarte-Oriako udaletxean zinegotzia izateko eskaini zidaten eta behin politikan hasita lanean jarraitu beharko dut.

Azken hauteskundeen ondorioz udal batzarraren eraketa aldatu egin da. Nola eragingo du legealdi honetan?
Aldaketa handiena eta nabarmenena PSOEk gehiengo osoa galdu duela eta talde berrien sartzea izan da. Ezker Batuak eta PSOEk egindako patuaren ondorioz, ikusiko dugu aurrerantzean nola jokatzen duten, Ezker Batuak batez ere. Uste dut paktu honekin PSOE gutxiengoan uzteko eta denon artean proposamenak aurrera eramateko aukera galdu dela.

EAJn ere aldaketak egon dira, nola ikusten duzu Imazen ordezkaritza?
Ez dakigu zein izango den EAJko hurrengo lehendakaria, baina Ibarretxerekin bat etorriko dela uste dut. Gehiegizko interesa ikusten dut gai honen inguruan. Uste dut, erabaki hauek barneko gauzak izan beharko luketela.•