Gaur egun 5.500 alzheimer kasu daude Gipuzkoan, 24 milioi munduan. Heriotza eragiten duen laugarren kausa dugu, 100.000 bat heriotzarekin. Hamar urtetan, kalkuluen arabera, Gipuzkoa datua bikoiztu egingo da eta 2040 urterako munduan 80 miloi pertsonek izango dute alzheimerra. Honetaz gain, iazko dementzia diagnosien %80a alzheimerraren gaixotasunaren ondorio zirela baieztatu zen.
Sendabide gabeko eritasun honek mundu osoan duen eragina handia da eta, horregatik, gaur irailaren 21ean Alzheimerraren Munduko eguna ospatzen da.
Gure herrialdean, AFAGI Alzheimerdun Gaixoen Senitartekoen Elkarteak gaixotasun hau pairatzen duten familia eta gaixoen alde lan egiten du, baita alzheimerrari buruzko informazioa ematen ere. Hau guztiagatik, AFAGI Elkarteak eta Foru Aldundiak hainbat ekitaldi burutu dituzte aste honetan.
Ekintzak
Honela, Borja Inza terapeuta eta Ana Orbegozo erizainak Alzheimer gaixoa etxean hi-tzaldia eskaini zuten astelehenean Hernanin eta asteartean Tolosan eta Enrique Arriola geriatrak, asteazkenean Donostian eta Eibarren ostegunean, Jokaera aldaketak Alzheimer gaixoetan gairi buruz solasean ihardun zen.
Gaur, Alzheimerraren Munduko Eguna, mahai informatiboak ezarriko dira hainbat herrietan. Lasarte-Oriako AFAGI taldea Donostiako Antiguako auzoan egongo da lanean. Txema Egaña Lasarte-Oriako AFAGI taldeko arduradunak azaldu digunaren arabera, "herritarrak sentsibilizatu nahi ditugu, baina garrantzitsua da gaixotasunari buruz interesatuak daudenei informazioa ematea eta kalean presentzia izatea."
Eta ospakizunak igandean bukatuko dira, Eibarren antolatu den familia eta gaixoen topaketa egunarekin.
Laguntza taldeak
Alzheimerraren Munduko Eguna alde batera utzita, AFAGI elkarteak alzheimer eritasuna duten senitartekoei laguntza eskaintzen die. Laguntza hau oso garrantzi-tsua izaten ohi da gaixotasunaren diagnosiaren ostean.
Gipuzkoako hainbat herrietan daude laguntza taldeak eta Lasarte-Oria horietako bat dugu. Nahiz eta taldea oso egonkorra ez izan, 6 edo 8 pertsona biltzen dira gehienetan eta Nerea Galdona psikologoaren gidaritzapean senideek zalantzak, bizipenak eta arazoak azaltzen dituzte.
Gai garrantzitsuak gara-tzen dira bileretan, hala nola, jarrera arazoak, zaintzaileen neke psikologikoa edo herio-tza eta bilerako kideen ikuspuntu pertsonalaz gain, psikologo profesionalaren iri-tzia eta laguntza izaten dute.
Txema Egañak aipatu digunez, "laguntza taldea oso interesgarria da Alzheimerra edo edozein dementzia pairatzen duten gaixoen familientzat, eritasuna eramankor izateko balio baitu."
Horregatik, Txemak lasarteoriatarrak bileretara gerturatzea animatu nahiko luke. Honela, norbait interesatua balego, Lasarte-Oriako AFAGI taldea hilabetean bitan biltzen da, hilabeteko 2. eta 4. asteazkenean, 18:00etan Manuel Lekuona Kultur etxean.
Bolondres beharra
Honetaz gain, Txemak bolondres kopuruaren arazoa aipatu digu. Azken aldian, kopuruak behera egin du eta elkartean daudenak errelebo beharra dute. “Guk egiten dugun lana neketsua da eta deskantsatzeko beharra dugu”, dio Egañak.
Honela, bolondres lana egin edo alzheimerrari buruzko informazioa eskuratu nahiez gero, www.afagi.org orrialdera jo.•