69+10, G puntuaren bila

Nerea Eizagirre 2007ko irailaren 21a

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak G puntua darama lelotzat eta Gipuzkoako bertsolaritzaren oinarriaren erakustaldia izatea du helburu. Aurten 79 bertsolari lehiatuko dira Gipuzkoako txapela eskuratzeko eta hauetako bost lasarteoriatarrak izango dira.

Bihar hasi eta abenduaren 16a bitartean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa G puntua jokatuko da herrialdeko hainbat kokalekuetan. Nahiz eta Maialen Lujanbio, orain dela lau urteko txapelduna, ez den jardungo, zaila izango da finalera iritsiko diren bertsolariak zeintzuk izango diren aurrez asmatzea.
79 bertsolarik ekingo diote lehiaketari eta lehenengo saioak asteburu honetan jokatuko dira, Orio, Legazpi, Hernanin eta Zaldibin.
Lasarte-Oriak bost ordezkari izango ditu Zigor Iriondo, Unai Muñoa, Iñaki Petxarroman, Andoni Otamendi eta Amaia Agirre. Hauetako lauk sailkapen fasean parte hartu beharko dute.

Lehena, Zaldibin
Lehenengoa Zigor izango da eta igandean Zaldibiko herri Antzokian du saioa; Unai eta Iñakik Usurbilgo Sutegi Kultura Etxean irailaren 29an eta urriaren 6an Andonik Getariako Iturzaeta E.H. Antzokian.
Guztira hamabi saio izango dira fase honetan eta saio bakoitzeko lehenengo sailkatuak zuzenean txapelketan aurrera egingo du. Baina final laurdenetan 23 bertsolari arituko direnez, puntuazioaren arabera beste hamaikek aurrera jarraitzeko aukera izango dute.
Amaia Agirre, berriz, final laurdenetan sartuko da lehian eta Eibargo Coliseo Antzokian izango da urriak 27an. Beste laurdenak Azkoitia, Irun, Zumaia eta Tolosan izango dira eta final aurrekoak Eskoriatza, Oiartzun eta Ordizian.
Hauetan erabakiko da Donostiako Illumbe Zezen Plazako finalean kantatuko duen zortzikotea.•