Buruntzaldea Igeri Taldearen entrenamenduak hasi dira

Txintxarri Aldizkaria 2007ko irailaren 24a

Ikasturtea hasi da eta kirol ekintzek ere hasiera eman diete entrenamenduei, Buruntzaldea Igeriketa Elkartea hauetako bat dugu. TXINTXARRIk uztaila bukaeran berri eman zuen bezala, Lasarte-Oriako eta Andoaingo igeriketa taldeek bat egitea adostu zuten, azken urteetako haur kopuru murritza ekiditeko eta, honela, Buruntzaldea Igeriketa Taldea sortu da.

Xabier Irastorza eta Oier Mitxelena dira taldearen arduradun berriak, orain arteko entrenatzaile zen Larraitz Artetxe ordezkatuz, eta hauekin solasean egin dugu 2007-08 denboraldi berriari buruz gehiago jakiteko.
Entrenamenduak irailaren 17an hasi ziren eta Xabierrek oraindik ez du aukera askorik izan Igeriketa taldeko haur guztien izenak ikasteko, Oierrek, berriz, gehienak ezagutzen ditu, iaz Lasarte-Oria Igeriketa taldean laguntzaile lanetan ibili baitzen.
Buruntzaldea Igeriketa taldeak, Entrenatzaileen datuen arabera, 7 eta 15 urte bitarteko 50 bat igerilari izango dira Lasarte-Orian. Oierrek aipatu digunez, “iazko igerilari gehienek aurrera egin dute. Tamalez, 17 eta 18 urteko taldea desegin da, gazteek taldea utzi baitute”.
Andoaingo taldeari buruz galdetzerakoan ezer gutxi dakitela onartu digute. Xabier eta Oierren hitzetan, “han beste entrenatzaile bat dago eta bi taldeen entrenatzaileen arteko bilera egiteko daukagu”.

Esperientzia
Esan bezala, Oierrek urte bete darama entrenatzaile lanetan eta Xabierrek lehenengo aldia du igeriketa entrenatzaile bezala. Hala ere, futbol eta prestakuntza fisiko entrenatzaile lanetan ibilia dela aitortu digu. Beraz,ez batak, ez besteak ez dute arazorik izango Buruntzaldea Igeri taldea zuzentzeko. Gainera, biek Igeriketa taldearen helburua argi dute “ongi pasatzea, igeri egiten irakastea eta euskaraz aritzea”.

2007-08 denboraldia
Entrenatzaileek onartu digutenez, gogoz eta ilusioz ekin diote haurrak entrenatzeari eta denboraldia hasteko irrikan daude. Zoritxarrez, oraindik denboraldiko egutegia egin gabe dago eta urrira arte itxaron beharko dute zein txapelketetan parte hartuko duten erabakitzeko. Hala ere. Oier Mitxelenak esandakoaren arabera, Gipuzkoako txapelketetan eta Euskadiko lehiaketa batzutan parte hartzea gustatuko litzaieke.
Txapelketen harira, Buruntzako igeri taldeko zaharrenek aurten denborak hobetzeko aukera dutela onartu digute eta txikienek, berriz, igeri egiten ikasi behar dutela, aurrerago teknika eta estiloak lantzeko.

Buruntzaldea Igeriketa Taldea
Lasarte-Oriako eta Andoaingo taldeen bat egiteaz ere hitz egin dugu. Oierrek esan digunez, “zaharrek ongi hartu dute, txikiak ez dira ohartu ere egin”. Entrenatzaileen ustez, bat egitea bi taldeen onurako izango da, era honetan indar gehiagoko taldea sortzen baita.
Honela herriko gurasoak animatu nahiko lituzkete haurrak Buruntzako Igeriketa taldean izen ematera. Oierrek esan digunez, “zenbat eta haur gehiago izan, hobe.”•