Kirol eskaintza zabala Udalaren Kirol Instalazioetan

Txintxarri Aldizkaria 2007ko irailaren 24a

Lasarte-Oriako Kirolen Udal Zerbitzuak 2007-2008 ikasturterako kirol jarduera kaleratu du. Helduentzako kirol eskaintza, astelehenetik ostiralera, ondorengoa da: gimnasia mantsoa, mantenurako gimnasia, aerobika, banakako entrenamendu plana, muskulazio gela erabiltzeko aholkularitza, indoor txirrindularitza, egokitze fisikoa, mantenurako igeriketa, igeri egiten ikasteko ikastaroa eta igeriketa gidatua.
Larunbatetan multikirola egiteko aukera eskaintzen dute.
Hamasei urte beherakoentzako kirol eskaintza ondorengoa da: aerobika; 2001-03 bitartean jaio diren haurrentzat kirol ludoteka prestatu dute; 2000-2004 urteetan jaiotakoek igeri egiteko ikastaroa egiteko aukera dute; eta Ttakunekin elkarlanean, 2000-2001. urteetan jaioetakoek jolastokia astelehenetan irekita izango dute.
Larunbatetan, berriz, 96-97an jaioetakoentzat kirol jardueren sustapena prestatu dute.

Plaza mugatuak
Edozein kirol jardueratan parte hartzeko, aldez aurretik, kiroldegiko bulegoan izena eman behar da, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 12:30era eta 17:00etatik 19:00era, edo 943376182 telefono zenbakira deituaz. Kirol jarduera guztietan plazak mugatuak dira, beraz, plazak libre dauden bitartean izena emateko epea irekita egongo da.•