Asier Goenaga rally gidariak Errioxako Txapelketan 3. postua eskuratzeko aukerak zituenaren berri eman genuen, TXINTXARRIko 636. zenbakian. Igandean, irailaren 16an, Mikel Saez lasarteoriatarra lagun zuela Txapelketako azken lasterketan parte hartu zuen, Villamediana de Iraguako Rally Sprintean, eta 2. postua eskuratu zuen bi gurpileko trakziodun kategorian eta sailkapen orokorrean 5. bukatu zuen.
“Tamalez, 9 segundorengatik ez ditut Errioxako Txapelketan 3. postua eskuratzeko behar nituen puntuak lortu”, aipatu du Goenagak eta 4. postuarekin konformatu behar izan du pilotu lasarteoriatarrak.
Aipatu txapelketa honekin denboraldiari amaiera eman dio Asierrek. Egun batzutan atseden hartu ondoren, autoa desmuntatu eta hurrengo urterako prestatzen berehala hasiko dela kontatu digu pilotuak .
Hala ere, abenduan Kataluniako rallyan parte hartzera joango dela aurreratu digu, “baina ongi pasatzeko besterik ez da”.
Hondarribiako Rally Sprinta
Baina hau ez da izan pasa den asteburuan burutu zen rally bakarra, larunbatean, irailaren 15ean, Hondarribiko I. Rally Sprinta jokatu baitzen. Bertan Lasarte-Oriako ordezkaria izan genuen, Mikel Saez, hain zuzen ere. Peugeot 205 batekin 6. postua eskuratu zuen Lasarte-Oriako pilotuak, maila handiko lasterketan.•