Lucia Ocarizek duela hamar urte antzerkiaren munduan murgildu zen eta kontatu digunez ez du ateratzeko asmorik. Ohilari Clownekin hasi eta geroztik ez da geratu: Ttanttakarekin El florido pensil, El pianista del oceano edo No es tan fácil bezalako antzezlanetan lana egiteko aukera izan du; Bartzelonan El Liceo eta Antzoki Nacionalean aritu da eta azkeneko urtean Martin eta Klikowskyn lana egiteaz gain, Eskola hutsik eta Emakumeak izarapean antzezlanetan lana egin du. Honi guztiari buruz aritu gara Luciarekin grabaketa egun baten ostean.
Zertan datza zure lana?
Klikowsky eta Martin telesailetan produkzio lana egiten dut. Produkzioko sailak gainontzeko sailak koordinatzen ditu: atrezzo, jantziak, aktoreak, ile-apaindegia, makilajea... azken finean, ekoizpen saila telesailaren motorra dela esan daiteke. Nik, konkretuki, aktoreak hemendik hara eramaten ditut, figuranteak lortu eta kontratatzen ditut eta gidoia atalka banatzen dugu, grabaketa plana garatzeko eta sail guztiak koordinatu ahal izateko.
Nola moldatzen zara figuranteak lortzeko?
Ez da erreza. Base datu bat daukat eta askotan goiz osoak pasatzen ditut telefonoan. Batzuetan, gidoilarien sormena dela eta, pertsonai bereziak behar dira: gabonetako kapitulu batean hiru erre magoak behar ziren eta ezin zuten gezurrezko bizarra, ezta pelukarik eraman. Beste batean musikari bat nahi zuten eskusoinua jotzen zuena eta gainera mozkorrarena egin behar zuen... Horrelakoetan gidoilariarekin zerbait egingo nuke.
Irakurleren bat figurante lana egiteko interesa baldin badu zer egin behar du?
Gurekin harremanetan jarri behar da. Martin telesailean parte hartzeko 943.011666 telefono zenbakira deitu behar du eta Klikowskyn ateratzeko 943.243401 zenbakira. Gogoak eta denbora librea behar dute izan. Datozenei ondo pasako dutela ziurtatzen diet. Platoan oso momentu atseginak eta dibertigarriak egoten dira.
Azken urte honetan antzerkian lanean aritu zara ere. Nola joan da?
Eskola hutsik eta Emakumeak izarapean antzezlanetan lana egin dut. Azken hau martxoan estreinatu zen, hainbat bolo egin ditugu hemendik, Antzerki Azokan egon gara, Bilbo, Gazteiz eta Iruñara joatekoak gara eta Euskal Herritik kanpo boloak egiteko aukera dagoela ere dirudi. Ondo funtzionatzen ari den antzezlana da. Bi lan hauetan oso gustura aritu naiz.
Bartzelonan igaro dituzun urteak zertan aritu zara?
Han eta hemen boloak egitetik nentorren eta oso garbi naukan berdinera ez nuela bueltatu nahi. Beraz, Bartzelonako antzokietan freelance moduan aritu nintzen Bartzelonako Antzoki Nazionalean, Lizeoan...
Bartzelonan edo hemen lana egitea desberdina al da?
Antzerkiaren kontzeptua hemen edo han oso desberdina da. Bartzelonan antzerki lan bat ondo funtzionatzen baldin badu hiru hilabeteetan antzoki berdinean geratzen da. Beraz, aste batean orduak sartu behar dira muntai osoa egiteko eta gero funtzioa dagoenean, ordu gutxitan dena prest uzten dugu. Sentsazio polita da. Bestetik, Bartzelonan, orokorrean, proiektuak handiagoak dira eta gauza asko eginak etortzen dira, muntaia besterik ez da egin behar. Hemen berriz, proiektuaren parte sentitzen zara, hasieratik sormen lanean zaudelako.
Zergatik erabakitzen duzu Bartzelonatik bueltatzea?
Ttanttakako zuzendariekin oso harreman ona daukat aspaldirik eta Martin telesailan produkzioan laguntzeko deitu zidaten. Bi hilabetetarako kontratuarekin etorri nintzan eta zortea eduki dut eta jada urte bete daramakit Martin eta Klikowskyrekin.
Antzerkia edo telebista nahiago duzu?
Denborarekin konturatu naiz benetan gustatzen zaidana antzerkia dela. Izugarri gustatzen zait. Zuzenekoa da, publikoarekin harremanean zaude. Ikusleek, orokorrean, aktoreak ikusten dituzte, baina guzti horren atzetik ikusten ez den lan izugarria dago.
Zuen lana baloratzen dela uste al duzu?
Teknikarien lana gertutik ezagutzen duenak bai baloratzen duela. Baina, ikusle normal batek ez du baloratzen, ezjakintasun handia dago. Efektu edo argi berezi bat jartzen dugunean, agian jendea gure lanaz gehiago ohartzen da. Normalean, aktoreen lanarekin geratzen da jendea. Hori bai, zerbait gaizki ateratzen denean, denak gutaz oroitzen dira, argiak tarte batean joan direnean edo dekoratuko zerbait erortzen denean...
Anekdotarik?
Antonio Canalesi dantza egiteko lurra jartzen genion, 4 zentimetroetako egurra behar zuen eta hiru edo lau egunetik behin lurra berria jarri behar genuen, izugarrizko indarrarekin dantzatzen zuen eta.
Lanbide honek hamar urteetan zehar jende asko ezagutzeko aukera emango zizun, ezta?
Lan honetan hastea ez da erraza eta bidean jende askok lagundu nau eta konfiantza jarri dute niregan. Adibidez, TTanttakako Mireia Garmendia eta Fernando Bernuesek asko lagundu didate eta asko eskertu behar diet eta Hostoil produktorako Edurne Etxebeste hor dago ere. Aktoreei dagokienez, asko ezagutu ditut eta ezingo nituzke denak aipatu, baina buruan ditut Aitziber Garmendia eta Sara Cózar. Nire gurasoak guzti honen kulpa pixka bat badute, hartu ditudan erabaki guztietan lagundu nautelako.•